Igo
  • 2016/12/30

Galdakaoko Udalak EH Bilduk presoen alde aurkeztutako proposamen bat onartu du

Galdakaoko Udalaren bozeramaileen batzarrak presoen aldeko dokumentu bat onartu du, EH Bilduk proposatuta. Dokumentuaren aldeko botoa eman dute EH Bilduk, EAJk, Galdakao Orainek, UHk eta Irabazik; PSE-EE eta PPk kontra bozkatu dute.

Honako hau da onartutako dokumentua:

ARRAZOIEN AZALPENA

Euskal presoen aurkako urruntze espetxe-politika edo dispertsio-politika, presoei gain-zigorra suposatzeaz gain, euren senide eta lagunentzako ere zigor gehigarria da. Izan ere, neurri horren erruz astero-astero milaka kilometro egitera behartzen baititu, horrek dakarren arriskuaz gain, giza-kostua eta kostu ekonomikoa itzela delarik.

Euskal presoen  dispertsioaren ondorioz haien senide eta lagunek egin beharreko bidaietan laguntzeko sortua da MIRENTXIN, boluntarioz osatutako gidari-taldea.

Joan den azaroaren 19an, 1.100 kilometrotara dagoen Huelvako kartzelatik  bueltan zetozela Mirentxinen furgonetan, 8 senide-lagunek istripu larria izan zuten, hoien artean Sergio Lopez  Apeztegia galdakoztarra.

Dispertsio politika honek, alferrikako sufrimendu eta amaiezinak  bihurtzen diren bidaiez gain, dagoeneko 16 senideen heriotza eragin ditu Espainiako errepideetan.

AKORDIOA

1. Istripu hau salatu eta istripua jasan dutenei  elkartasuna adieraztea.

2. Aldi berean, edozein Zuzenbide Estatu Demokratikori dagokion giza-eskubideekiko begirune zorrotzarekin bat eginik, indarreko legea betetzeko benetako pausoak eman daitezela eskatu, eta horren haritik, euskal preso guztiak euskal kartzeletara hurbil ditzatela eskatzea Espetxe Erakundeari, oraingo egoerak zigor erantsia ekar ez diezaien, ez haiei ezta haien senideei ere.

3. Udalbatzak hartutako erabaki honen berri ematea Espainiako Espetxe Zuzendaritzari, Espainiako eta EAEko Arartekoei eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora erakundeari.