Igo
  • 2022/06/01

Bizkaiko Batzar Nagusien historiari buruzko erakusketa Galdakaon dago hilabetez, anbulategi aurreko plazan

‘Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz’ erakusketa Galdakaon ikusi ahal izango da ekain osoan zehar, anbulategi aurreko plazan (Bizkai kalea). Dozena bat panelen bidez, Europako sistema parlamentario zaharrenetakoaren garrantzi historiko, sozial eta kulturala erakutsiko da bertan.
 
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Iñigo Hernando Arriandiaga herriko alkateak inaugurau dute, gaur goizean, Bizkaiko parlamentuak sustatzen duen erakusketa. Iaz lau herritan egon zen ikusgai erakusketa ibiltaria, eta aurten, Galdakaoren lekukoa hartu ondoren, Bermeon amaituko du bira. Gaurko inaugurazio ekitaldian instituzioko hainbat ordezkarik parte hartu dute eta, Otadui lehendakariaz gain, Zigor Isuskiza Arana bigarren lehendakariordea eta Emilio Lobato Pascual bigarren idazkaria ere izan dira. Udalaren izenean, udal gobernua osatzen duten talde guztietako ordezkariak izan dira. Iñigo Hernando Arriandiaga alkatearen (EH Bildu) ondoan izan dira Auzoak plataformako Mari Paz Losada, Usansolo Herriako Agustin Azpuru eta Podemoseko Jose Luis Bernal
 
‘Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz’ erakusketa formatu handiko 12 panelek osotzen dute, eta Batzar Nagusiek parlamentu-erakunde moduan duten eskumen- egitura zabala azaltzen da bertan, baita erakundearen kultur ondarea ere. Batzar Nagusien lau egoitzetan zeharko ibilbidea egiten du: Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediagakoa. Hala ere, zehaztasun gehiago ematen ditu Gernikako Batzar Etxeaz, erakundearen egoitza nagusia delako eta bertan daudelako, esaterako, Gernikako Arbola (demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal ikurra), eta Francisco de Mendietaren ‘Bizkaitarrek Fernando Katolikoa Erregeari 1476.ean egindako esku-mosua’ izeneko margolana. Kuadro hori osoko batzarren aretoaren atalburuan dago eta oso berezia da, Europako artean lehenengoz emakume-talde baten erretratua egiten duelako.
 
Erakusketearen inaugurazioan, Ana Otadui Biterik azaldu du erakusketaren helburua “Batzar Nagusien balio politikoa, soziala eta kulturala zabaltzea” dela. Bizkaiko parlamentuko lehendakariak adierazi duenez, Galdakaoko udalerriak hasieratik hartu du parte “modu aktiboan” foru parlamentu honen historian. Izan ere, 38. jarlekua hartu zuen, berba egiteko eta botoa emateko aukerarekin, Uribe Merindadeko elizatearekin batera. Hain zuzen, Batzar Nagusietako lehendakariak gogorarazi du galdakoztar bat, Fortun Garcia de Usansolo, Ahaldun Nagusi izendatu zutela XVI. mendearen hasieran, figura hori sortu zanean. Bera Bizkaiko parlamentuaren historiaren parte dela azaldu du Otaduik, eta horrekin batera, gaur egun, egunero, “gugan eragina duten gaietan erabaki garrantzitsuak hartzeko” euren aletxoa ipintzen duten Durango-Arratia eskualdeko 10 batzarkideak.
 
Beste alde batetik, Iñigo Hernando Arriandiaga Galdakaoko alkateak, instituzioak herritarrengandik gertu egotearen garrantzia azpimarratu du. Udaletan zein Batzar Nagusietan herritarren egunerokoa baldintzatzen duten erabaki asko hartzen direla gogorarazi du, eta beraz, instituzioen eta herriaren arteko lotura ezinbestekoa dala. “Ekarpenak entzun eta horiei bide emateko ardura dute hautetsiek, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”. Gertutasun hori bilatzeko deia egin du, beraz, bai udaletxeetan eta bai Batzar Nagusietan; izan ere, “udaletxeen udaletxea” dira Batzar Nagusiak alkatearen hitzetan. Erakusketari erreferentzia eginez adierazi du “Galdakaoren eta Bizkaiaren egituraketa eta historia ezagutzea beti dela aberasgarria, Batzar Nagusiak gure herriko eskubide historikoen ikur garrantzitsuenetakoak baitira.”
 
Beraz, “nondik gatozen ezagutu eta etorkizunari begira jartzeko” deia egin die alkateak herritarrei, eta horretarako, erakusketa ikusteko gonbitea egin die; historia balorean jartzeko gonbitea, kasu honetan Bizkaiko Batzar Nagusiena, eskubide historikoen bermea direlako. “Eskubide historikoen defentsa horretan segitu behar dugu”, adierazi du Hernandok, Otaduiri Galdakao aukeratu izana eskertuta.