Igo
  • 2021/07/01

Bizkai kalean aparkaleku bertikala eraikitzeko proiektuari ezetz esan dio Aldundiak

Herriak duen aparkaleku arazoa konpontze aldera, Bizkai kalean parking bertikal bat eraikitzeko proiektuari bide ematen saiatu da Galdakaoko Udala. Aurreproiektua aspaldi egina zegoen, 2015ean, eta 14.399 euro ordaindu ziren horretarako. Gauzak horrela, hasita zegoen bide hori amaitzea erabaki zuen Udal honek. Aurreproiektua gauzatzeko beharrezko baimenen bila Bizkaiko Foru Aldundira jo duenean, ordea, ezezkoa jaso du.

Lehen ezezkoaren ostean helegitea aurkeztu zuen Udalak, baina Aldundiak bigarrenez erantzun du proiektua ez dela egingarria; autopistara dagoen distantzia txikiagatik aparkalekua ezin dela bertan eraiki, ez duelako Bizkaiko Errepideen Foru Araua betetzen.

Horren aurrean, bestelako alternatiba bideragarriak lantzen ari da Udal hau. Bizkai kalean aparkaleku bertikala egiteko proiektua bertan behera utziko du Galdakaoko Udalak, baina beste aukera batzuk lantzen ari dela jakinarazten du; gauzagarriak izango diren eta aparkalekuen arazoa arinduko duten neurri eraginkorrak prestatzen ari dela.