Igo
  • 2021/02/18

Bizkai haurreskolarentzat eraikin berri egoki bat egitea erabaki dute Udalak eta eskolan inplikatutako eragileek

Bizkai haurreskolari irtenbidea topatzeko lanean elkarrekin aritu dira Galdakaoko Udala eta haurreskolan inplikatutako eragileak, eta bat etorri dira ondorioan: haurreskolak ezin du egungo egoeran jarraitu, Agirre Lehendakaria plazan bertan egungo eraikina handitzea ez da konponbidea, eta auziari benetan irtenbidea eman nahi bazaio beste leku batera eraman beharko da. Aukera posibleak ere aztertu dituzte Udalak eta haurreskolako hezitzaileek, parte hartze prozesu batean, eta egin dute aukeraketa: Lapurdiko aparkaleku inguruan eraikin berri eta egoki bat eraikitzearen aldeko apustua egin dute. Horrela, "herentzian jasotako arazoari" irtenbide integrala emango zaiola azaldu du Iņigo Hernando alkateak.

Izan ere, hasieratik egon da arazoz josia aurreko udal gobernuak Agirre Lehendakaria plazan eraiki zuen haurreskola. Bizkai kalean dagoena txikiegia zelako eraiki zuten berria, baina txiki geratu zen hori ere hasieratik, eta ondorioz, bi eraikinetan banatuta daude haurrak egun. Ez hori bakarrik; beste oinarrizko hainbat arazo ere hasieratik izan ditu eraikinak. Tenperaturaren adibidea jarri du alkateak: eguzkiak jotzen duenean 30 gradutik gorako tenperatura hartu izan du oso haur txikiak egoten diren eskolak. Halakoen aurrean, arazoak konpontzen ahalegindu da Udala, leihoetan estalkiak jarrita, adibidez. Baina "partxeak" besterik ez zirela aitortu du alkateak, eta konponbideak integrala behar zuela. Prozesu parte hartzaile baten bidez aztertu da egoera, eta soluzioa bilatu.

Gobernu planean agindutakoa beteta egin du bidea Udalak: "Haurreskolako plazak handitu", dio planaren 35. puntuak. 67ak, "Herritarren parte hartzea udal politikaren ardatz", dio.

Olaia Parra Parte Hartzerako zinegotziak azaldu ditu prozesuaren nondik norakoak. Lanketa 2019ko abenduan hasi zutela kontatu du, orduan jarri zirela harremanetan haurreskolako lagile zein gurasoekin eta inguruko ostalari eta dendariekin. Pandemiak prozesua eten zuen arren, udaren ondoren heldu zitzaion berriz gaiari, arazoari irtenbidea elkarlanean topatu nahian.

Hainbat aukera mahai gainean jarrita, bakoitzaren alde on eta txarrak aztertu zituzten haurreskolako hezitzaileek udal ordezkariekin, aukera bakoitza gauzatzeko behar litzatekeen denbora eta dirua ere kontutan hartuta. Egungo egoera mantentzea eta leku berean haurreskola handitzea berehala baztertu zuten, eta beste leku bat bilatzearen aldeko apustua egin zuten. Lekua ere zehaztu zen: Lapurdiko parkingaren ingurua. Proiektua egikaritzea denboran luzatuko den eta garestia den aukera da lehenetsi dutena, baina, prozesuan parte hartu dutenen ustez, egokiena da.

Haurreskola berriak, gutxienez, adin tarte bakoitzerako hiru gela homologatu izan beharko dituela azaldu du Asier Egiraun Hezkuntza zinegotziak; motrizitatea lantzeko berariazko gela homologatua izan beharko duela, eta haurren oinarrizko beharrei, garbiketa, elikadura eta lo premiei, erantzun egokia eman ahal izateko gela homologatuak izan beharko dituela. Baita inguruan arriskurik gabe aritzeko eta hezitzaileen betebeharretarako toki egokiak ere.

"Guzti hau biltzen duen aparteko eraikuntza berri bat egiteko mandatua beregain hartu du Udalak", esan du Egiraunek. "Hasi gara proposamenen lanketarekin. Aukera desberdinak aztertzen ari gara eta horrek planteamendu handiagoetan pentsatzera ere bagaramatza". Edozein kasutan, Lapurdiko aparkalekuaren inguruan haurreskola berria egitea da asmoa, eta horri begira ari da Udala.

Laura Valiente Bizkai haurreskolako koordinatzaileak eskertu egin du Udalak haien iritzia entzun eta kontutan hartu izana, aurrez esperientzia txarra izan baitzuten: "Hasieratik argi genuen eta esan genuen haurreskola honek arazoak emango zituela, eta horrela izan da: txiki geratu da hasieratik eta bi eraikinetan banatuta egoteak kudeaketa oso zaila dakar". Baina ez hori bakarrik: "ez dago aireztapen egokirik", azaldu du, besteak beste, Valientek. Hiru gelak ez dute inolako aireztapenik eta gela bakarrak du leihoa. Gainera, eguzkiak jotzen duenean tenperatura asko igotzen da eta gelak oso txikiak dira. Patioa ere ez dela batere egokia azaldu du; hain dela desegokia, haurrek ezin dutela bertara atera ere egin. Desegokitasun horietako bat aipatzearren, patioa mugatzen duten metalezko zutabeen artean haurrek burua sar dezaketela, eta ezin aterata, burua metalezko zutabeen artean trabatuta geratzeko arrisku handia dagoela azaldu dute. Kontuan hartu behar da bi urtera arteko umeei buruz ari garela.

Guzti hori aintzat hartuta, eraikina handitzeak ez lukeela arazoa konponduko ohartarazi du haurreskolako buruak, eta gustora azaldu da "umeen beharrizanak kontutan izango dituen" eraikin berri bat egiteko Udalak adierazi duen konpromisoarekin. Laguntzen jarraitzeko prest agertu da, gainera: "Ea guztion artean zerbait polita egiten dugun".