Igo
  • 2020/02/10

Bizilabe Steam gazteentzako zientzia eta teknologia jaialdia, larunbatean, Basaurin

Nerbioi-Ibaizabaleko gazteek eta ikertzaile profesionalek gidatutako zientzia eta teknologia tailerrek, ginkana zientifikoak edota escape-roomak osatuko dute egitaraua. Lorea Argaratek (Las Tea Party) emango dio amaiera jaialdiari.


Eskualdeko zazpi udalen eta Elhuyarren arteko elkarlanaren emaitza da Bizilabe Steam zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak festibala, eta zazpi udal horietako alkateak izan dira jaialdia aurkezteko agerraldian: Galdakao, Basauri, Etxebarri, Urduņa, Ugao-Miraballes, Zeberio eta Arrigorriagakoak. Orain arte ere elkarlanean aritu dira gazteak zientziaren mundura modu atseginean murgiltzeari begirako ekimenean: lau hilabetean zehar bederatzi zientzia eta teknologia tailer antolatu dituzte herri horietako udal gazte lokaletan.


14 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako tailerretan denetariko zientzia eta teknologia jarduerak egin dituzte ikerlarien laguntzarekin. Larunbatean erakutsiko dute hileotan ikasitakoa Steam Festibalean, eta bertaratzen diren gazteek tailer horietan murgiltzeko aukera izango dute: DJ lanetan jardutekoa, mugikorretarako aplikazioak sortzekoa, marrazketa zientifioan barneratzekoa, energia esperimentu ikusgarriak egitekoa eta berrerabilitako materialekin gailu berriak eraikitzekoa. Gainera, lightpainting egiteko karpa ilun bat ere izango dute Basaurin izango den jaialdian.


Tailerren guneaz gain, beste hainbat ekintza egongo dira: Arrigorriagako gazteek gidatutako escape-rooma eta Ugao-Miraballeseko gazteak gidari izango dituen ginkana zientifikoa, esaterako.


Bertaratzen direnen artean lightpainting performancea ere egingo dute arratsaldean, eta ondoren, Las Tea Parti DJ bikoteko Lorea Argaratek kontzertu batekin itxiko du festa.


Horrela emango zaio amaiera larunbateko jaialdiari. Hala ere, Bizilabe Nerbioi-Ibaizabal proiektuak aurrera jarraitzen du eskualdeko udalen eta Elhuyarren arteko lankidetzarekin eta aldundiaren babesarekin. Horren erakusgarri da datozen hilabeteetan eskualdeko gazteen Steam diagnosia egingo dela.