Igo
  • 2021/11/30

Bizikletak konpontzeko gune bana jarri da Urretan, Aperribain eta Usansolon

Usansolon, futbol zelaiaren eta kiroldegiaren artean; Urretan, kiroldegiaren ondoan; eta Aperribain, frontoi ondoan. Bizikletak konpontzeko gune bana jarri da kokaleku horietan, mugikortasun jasangarria eta jarduera osasuntsuak sustatzeko helburuz. Lehenengoa Aldundiak jarri du Udalarekin akordioa eginda. Beste biak Galdakaoko Udalaren ekimenez ari dira ipintzen, eskaintza Galdakaon zehar zabaltzeko. Bihar, asteazkena, amaituko da muntaketa.

Gune horietako bakoitzak erremintako sorta bat du: bihurkinak, giltza ingelesa, giltza finkoak, allen motako giltzak eta pneumatikoen estalkiak desmuntatu eta muntatzeko tresnak. Euskarri lana egiten duen zutabean gordeta daude horiek guztiak, eta horietako bakoitza altzairuzko kable erretraktil batez dago lotuta. Pneumatikoak puzteko sistema bat ere badu, eta konponketa lanak errazteko, bizikleta finkatu eta eusteko besoa.

Bedian eman dute ekimenaren berri Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Bizkaiko diputatuak, Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Aitor Sorriketa Bediako alkateak eta Eukeni Bikarregi Lemoako alkateordeak. Garapen jasangarrirako helburuak lortzeko, ingurumena errespetatuko duen mugikortasuna beharrezkoa dela adierazi, eta, aisialdirako ez ezik, bizikleta ohiko garraiobide gisa erabil dadila sustatzeko apustuaren barruan kokatu dute ekimena.

Galdakaok, norabide horretan urrunago joan nahian, bizikletak konpontzeko gune gehiago jarri dituela azaldu du Iñigo Hernando alkateak. Hartara, honako lekuetan egongo dira konponketarako zutabeak hemendik aurrera:

▶️ Galdakaoko Udalaren eskutik (bihar amaituko da jartzen):

- Urretan, kiroldegiaren ondoan. Bizikletak garbitzeko gunearen ondoan jarri da konponketarakoa.

- Aperribaiko frontoi ondoan.

▶️Arratiako gainontzeko guneak, Aldundiaren eskutik:

- Usansolo. Meatzeta bidea, futbol zelaiaren eta kiroldegiaren artean, kalearen amaieran.

- Bedia. Udaletxearen ondoan. Agirre Lehendakaria  Enparantza.

- Igorre. Avia gasolindegia. Agirre Lehendakaria etorbidea, biribilgunearen ondoan.

- Lemoa. Udaletxearen ondoan. Arraibi auzoa, 1.

- Artea. Udaletxearen aurrean, autobus geralekuan. Herriko Plaza.

- Dima. Biribilgunearen ondoko parkea. Telleri kalea.

- Otxandio. Igerilekuetatik hurbil. Ospitalea Kalearen eta Olaetako bidearen ertzean.