Igo
  • 2021/11/10

Biktima guztien oinazea arintzeko eta errepikatu ez dadin oinarriak jartzeko helburuz lanean jarraituko duela adierazi du Iñigo Hernando alkateak

Gaur, Memoria Eguna, ekitaldi instituzionala egin du Galdakaoko Udalak, Ardanza parkean. Biktima guztiek  pairatutako sufrimendu guztien aitortza egin du Iņigo Hernando alkateak, bestearen lekuan jarri eta entzutearen garrantzia aldarrikatu du eta bakoitzaren bizipenak "aldaezinak" direla ohartarazi: "Nola ez dugu ba onartuko gure herrikide batek sufritu zuena?". "Oinazea ez errepikatzeko oinarriak ezartzeko eta datozen belaunaldientzat gizarte hobea uzteko" begirada zintzoaren premia dagoela azaldu, eta biktima bakoitzak pairatutako sufrimendua arintzeko zein halakorik errepika ez dadin bermeak sortzeko lanean jarraituko duela adierazi du. Txistu pieza banarekin hasi eta amaitu den ekitaldian izan dira, alkatearen ondoan, udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemoseko hautetsiak, eta EAJkoak. PSE-EE izan da Galdakaoko ekitaldi instituzionalean parte hartu ez duen udal talde bakarra.

Hona, hitzez hitz, Biktimak gogoan. Elkarbizitza eraikiz lelopean alkateak egindako adierazpena:

"Egunotan asko entzuten dugu elkarbizitzaz eta memoriaz. Bi alde ditu honek. Batetik, argi dago oraindik asko dugula egiteke gure herrian. Pairatutako sufrimendu guztiak aintzat hartuz urratsak egitea, gertatutakoa mahaigaineratzea eta bakoitzak dagoen tokitik eta dagokion heinean bere alea jartzea da aurretik dugun bidea, alboan dugunaren errealitate eta bizipenak aitortuz. Bestetik, horrek guztiak etorkizuneko herriaren oinarriak eraikitzeko hauspoa izan behar du, helburu argi batekin: jasan dutenen mina baretzea, gertatutakoa berriz ere ez errepikatzea eta etorriko diren belaunaldientzat gizarte hobe baten zutabeak ezartzea.

Horretarako, prozesu guzti horretan entzutearen garrantziaz jabetu behar dugu. Urte asko izan dira herri honetan auzokideen artean gertatutakoa ezaguna zela, baina inoiz ez zutela beraien artean horri buruz hitz egiten. Apurka apurka, gauzak aldatuz doaz eta tentsio hori lasaituz doa, marko berriak irekitzeko abaguneak sortuz biktima guztien sufrimenduak ezagutzeko. Entzutearen bidez, bestearen lekuan jartzeko aukerarekin, pertsona horrek dituen sentimenduak ulertzeko aukera baliatu egin behar dugu. Eta enpatia ariketa sakonaren beharrean gaude oraindik.

Argi izan behar dugu biktima bakoitzaren bizipenak aldaezinak direla, eta inguru eta une zehatz batean kokaturik daudela. Nola ez dugu ba onartuko gure herrikide batek sufritu zuena? Galdakoztar bezala, baina baita Udal bezala, herrian gertatutako bizipen guzti horiek aitortu behar ditugu, eta horrek ez du suposatzen inolako errealitateri uko egiten diogunik. Biktima guztien errealitate eta bizipenak onartzen ditugu. Eta norberaren egoera onartzeko bestearena onartzea ezinbesteko urratsa da.

Zentzu horretan, Lehendakariaren hurrengo hitzak nire egin eta "etorkizunari begiratuko dion memoria zintzo bat egiteko konpromisoa" ere hartzen dut. Eta horretarako itxaropen zantzuak dauzkagu gizartean: zuzeneko biktimak "zubia zeharkatzeko" prest agertu dira, elkarrizketa soziala dago biktimen gaiaren inguruan eta instituzioetatik interesa dago aurrerapausoak emateko. Ditugun zauri kolektiboek aurpegi eta begiak dituzte, eta udal mailak izugarrizko garrantzia dauka herrietatik bertatik gauzak mugiarazteko.

Oinazea ez errepikatzeko oinarriak ezartzeko eta datozen belaunaldientzat gizarte hobea uzteko, begirada garbia izan behar dugu prozesu guzti honetan. Egia, justizia eta erreparazioaren bidean, aurrera egiteko, bigirada zintzo horrek gizartea minean harrapatuta ez geratzeko baliagarria izan behar du. Eta ez arrazoia izateko, ezta bestea erruz janzteko. Begirada garbi horrek beste zentzu bat izan behar du: ahal den neurrian biktimek pairatutako sufrimendua arintzea. Eta horretan lanean jarraituko dugu, biktima guztiek, salbuespenik gabe, behar eta merezi dutelako".