Igo
  • 2020/05/01

Bihartik aurrera pasealdiak zein kirola egitera ateratzeko baldintza eta ordutegien laburpena

Kalera paseatzera zein kirola egitera ateratzeko aukera izango da bihartik aurrera, baldintza batzuekin. Jende pilaketak saihesteko, ordutegi eta arau batzuk bete beharko dira kalera atera ahal izateko. Hona irizpide nagusien laburpena:


14 urtetik gorakoek ere kalera atera ahal izango dute pasealdiak zein kirola egitera, egunean behin. Kirola udalerriko mugen barruan egin ahalko da, eta pasealdiak, etxetik kilometro bateko mugaren barruan.


14 urtetik 70 urte artekoak: Goizean 06:00etatik 10:00etara bitartean edo iluntzean 20:00etatik 23:00ak bitartean atera ahalko dute. Kirola bakarka egin beharko da. Pasealdira ateratzen direnek binaka egin ahalko dute etxe berean bizi badira, eta ezingo dira etxetik kilometro bat baino gehiago urrundu.


✅ 70 urtetik gorakoak edo menpekotasunen bat izanik laguntza behar dutenak: Goizean 10:00etatik 12:00etara edo arratsaldean 19:00etatik 20:00etara atera ahalko dute paseatzera. Binaka atera ahalko dira etxe berean bizi badira, eta mugikortasun arazoengatik laguntza behar dutenen kasuan, horien ardura dutenak edo ohiko zaintzaileak izan ahalko du bigarren pertsona horrek. Ezingo dute etxetik kilometro bat baino urrunago joan.


✅ 14 urtetik beherakoak: 12:00etatik 19:00etara bitartean atera ahalko dute, adineko baten laguntzarekin. Adineko batekin hiru adingabek atera ahalko dute gehienez, eta etxetik kilometro baterako muga gorde beharko dute.


Edozein kasutan, babeserako neurriak zorrotz mantendu beharko dira: pilaketak dauden guneak saihestu behar dira, elkarrekiko gutxieneko distantziak bi metrokoa izan behar du, eta gaixo daudenak edo egon daitezkeen susmoa dutenak ez dira, inolaz, kalera aterako.


Galdakaoko Udalak zentzuz eta arduraz jokatzeko eskatzen die herritar guztiei.