Igo
  • 2020/11/19

Bihar, ostirala, Rockein lehiaketaren zortzigarren edizioko talde irabazleak ezagutuko dira

Ostiral honetan, azaroak 20, Rockein Talde eta Bakarlari Lehiaketaren zortzigarren edizioko sariak banatuko dira. Hitzordua Basauriko Social Antzokian izango da 18:00etan.


Airu, Berangoko Irune Vega abeslari eta konpositore gaztearen proiektu musikala; Cecilia Payne, 80-90 hamarkadetako indie-rocka egiten duen laukote bizkaitarra; eta Mungiako Wicked Wizzard stoner-rock hirukotea. Horiek dira Rockeinen zortzigarren edizioaren sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.


Finalean joko duten beste hiru taldeak Koiu (punk-rocka euskaraz, Galdakao-Usansolo), La Tokokera (cumbia, reggae, merengue, ska, salsa; Galdakaoko taldekide batekin) eta Keniama (reggae, hip-hop, funk, ska edo hardcore, Arrigorriaga-Bilbo), La última bala (rock klasikoa egiten duen hirukotea, Basauriko kide batekin) ordezkatuz, taldekide batek lan istripua izan duelako. Hauek Tokiko artistarik onenari saria irabazteko aukera izango dute, Basauri, Arrigorriaga, Galdakao edo Laudion erroldatutako kide bat gutxienez daukaten proiektuak saritzen dituen kategorian. Dena den, kategoria nagusiko Cecilia Payne taldeak ere Arrigorriagako kide bat izanda, sari nagusia eskuratuko ez balu, proiektu hau ere Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagai izateko kontutan hartuko luke epai mahaiak, lehiaketaren oinarriek markatzen dutena jarraituz.


Ohi bezala, Euskarazko artistarik onenaren eta Publikoaren sariaren irabazlearen izenak finalean bertan jakinaraziko ditu epai mahaiak. Azken kategoria honetarako bozketak iragan uztailaren 25ean itxi ziren eta 2.187 lagunek parte hartu zuten.


Rockeinen zortzigarren edizioak parte hartze marka gainditu du bosgarren urtez jarraian, 169 artistak izena eman ostean. Azken urteetan Rockeinen antzeko helburuak dituzten beste lehiaketa batzuen sorrerak ekarri duen albiste pozgarriaren ondoren , Nerbioi-Ibaizabalen jaiotako lehiaketa Euskal Herri mailan erreferentzia bezala indartu da, parte hartze datuei eta jasotako proposamenak berritzeko erakutsitako gaitasunari erreparatuz gero. Rockeinek amateurismotik alor profesionalerako pausua ematen saiatzen ari diren proiektu berriei laguntzeko hasierako izpirituarekin jarraitzen du.


Rockein Basauriko Udalak antolatzen du, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Eta Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa musikala da.


Finala Rockeinen Youtuberen kanalean jarraitu ahal izango da streaming bidez.


Informazio gehiago:


www.facebook.com/rockein


Twitter: @rockeinrock


www.basauri.eus