Bideak, bideek sortutako harreman eta loturak eta garraioen bilakaera izango dira hizpide Ondarearen Jardunaldietan Galdakaon
Bideetatik, galtzadetatik, erromes bide zein merkatal bideetatik hara eta hona mugitu izan dira pertsonak, salgaiak eta ondasunak. Harremanak sortu dituzte gure historian zehar joan-etorri horiek, elkar topatze horiek. Izan ere, harremanak izateko sortu ziren bideak eta bideak daudelako sortzen dira harremanak. Mugimendu horien emaitza da gaur dugun herria, harremantze horien ondorio. Horixe aztertuko dugu herrian hilabete honetan, Ondarearen Europako Jardunaldietan. Saretze horien azterketan aditu direnen laguntzarekin atzera begiratuko dugu Galdakaotik bertatik, eta ez hori bakarrik: gaur egungo mugitzeko moduei ere erreparatuko diegu.
Bi hitzaldi antolatu ditu horretarako Galdakaoko Udalak:
- ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’, Juanjo Olaizola Elordiren eskutik. Tren eta tranbietan aditu den historialaria Galdakaoko garraio publikoen bilakaeraz arituko da, lehen diligentziatik hasi eta eraikitzen ari den Metroa izango dena arte. Historia horretan, funtsezkoa izan da 1882an inauguratu zen Bilbotik Durangorako trenbidea, Euskadiko bide estu eta zerbitzu komertzialeko lehena, bai eta Bilbotik Durangora eta Arratiara zihoan tranbia ere, 1902an martxan jarri zena. Azken hori duela 60 urte desagertu zen arren, trena Galdakaoko komunikazioen bizkarrezurra izango da. Hitzaldia ostegun honetan izango da, urriaren 3an, 19:00etan Torrezabal Kultur Etxean.
- ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’ hitzaldia, Juan Manuel Etxebarria Ayestaren eskutik. Euskal erromeriek topaleku legez izandako ibilbidea jorratuko da, leku-denboretako aldaketak kontutan hartuta. Besteak beste, hitzaren etimologia aztertuko da, eta eliza, santutegi eta ermiten inguruko erromerietatik dantza folklorikora izandako bilakaera historian zehar. Guzti horretarako, bibliografía idatziaz gain, Gorbeialdeko berriemaileengandik jasotako testigantzak ere erakutsiko dira.
Jardunaldietan proposatutako gaia herritarrekin hausnarketa bat partekatzeko ere baliatu nahi du Udalak: erabil ditzagun herri barruko bideak oinez mugitzeko. Kotxeak alboratu eta leku batetik bestera oinez mugitzeak ingurumena zaintzen lagunduko digu, osasunez bizitzen eta herritarrekin harremantzen.
Bizi Galdakao Oinez leloa duen mapa sortuko du Udalak, herriko auzo eta gune desberdinen arteko distantziak adierazita. Batetik bestera oinez behar den denbora ere adieraziko du eta erakutsiko digu herriko leku gehienetara joateko 15 minutu baino gutxiago behar ditugula.
Metrominuto ekimenaren bidetik sortuko da mapa, Europako Batasunaren 2030 agendaren printzipioetan oinarrituta; hain zuzen ere, herri eta hiri barnean oinez mugitzea sustatzea da helburua.
ONDAREAREN EUROPAKO JARDUNALDIAK