Igo
  • 2021/12/17

Bi Ko-sorkuntza esperientzia aukeratu ditu Arantzazulabek: Galdakaoko Udalarena eta Donostiako Medialab Tabakalerarena

Arantzazulab-ek antolatutako Ko-sorkuntza Esperimentuen Lehiaketaren irabazleak ezagutzera eman dira gaur. Euskal Herriko 12 proposamen aurkeztu dira lehiaketara, eta Galdakaoko Udalak aukeztutakoa izan da sarituetako bat. Jasotako lanek Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiaren gizarte berrikuntza ikuspegiak izan dituzte ardatz: lankidetzazko gobernantza, herrigintza eta garapen komunitarioa. Lehiaketaren xedea izan da ezagutza berria eta egiteko modu berriak ko-sortzea eragile ezberdinen arteko elkarlanaren bitartez esperimentu ausartak sustatuz. Ildo horretatik, lehiaketaren ebazpen batzordeak nabarmendu du aurkeztutako proiektuak, lehiaketaren irizpideekin lerrokatuta izateaz gain, “ausartak, berritzaileak eta oso interesgarriak” ere izan direla.

Lehiaketa Arantzazulab-ek aurten abiarazitako euskal ko-sorkuntza ekosistemaren baitan kokatzen da. Horregatik, jasotako proiektuen bidez euskal ko-sorkuntza ekosistemaren azken helburuari ekarpena egitea bilatzen dute proposamenek; hots, herritarrak, eragile sareak eta erakunde publikoen artean agenda publikoa ko-sortzea.

Ebazpen batzordeak bi irabazle aukeratu ditu lehiaketaren irizpideekin “guztiz” lerrokatu baitira: Galdakao 2030 Marrazten eta Galdera Ikurrak. Galdakaoko alkateak, eta Apitropik-ekin elkarlanean egitasmoa landu duen Maraka taldeko ordezkari batek azaldu dute Galdakaoko proiektuaren nondik norakoa.

Galdakaok dituen erronka nagusiak kontuan hartuz, horiei aurre egiteko misioak definitu eta beraien gaineko kosorkuntza espazioak garatuko dira, dirulaguntzari esker. Gainera, espazio horiek erabiliko dira partaidetza modu berriak esperimentatzeko. "Ko-sorkuntza esperimentuen lehiaketako irabazle ginela jakiteak ilusio handia egin zigun, izan ere, proiektu honek aukera eskaintzen baitigu ikuspegi berriak praktikara eramateko eta ikasitakoa ko-sorkuntza ekosistemako beste eragileekin partekatzea", adierazi dute G2030 taldekoek.

Galdera Ikurrak lanaren egileak diren Farapi eta Medialab Tabakalerako kideek, esplorazioa eta eraikuntza irekian oinarritzen den proiektuarekin, nerabeei galderak egin, esploratu, eta ingurunearekin konektatzeko espazioa emango diete. Ongizatean eta osasun mentalean fokoa jarrita, haur eta gazteekin bideak esploratuko dituzte hainbat ikuspegi berritzaile jarraituta.

Sei hilabete dira lehiaketari bide eman dion euskal ko-sorkuntza ekosistema abiarazi zenetik. Egitasmo horretan Ko-sorkuntza prozesuetarako identifikatutako erronkekin eta irizpideekin lotura izatea eskatu zaie aurkeztu diren proposamenei. Gainera, herri bezala ditugun gizarte erronkekin ere konektatu behar izan dute: demokrazia liberalaren krisia, krisi klimatikoa, ongizatea, elkarbizitza edota lana. Hain zuzen, esperimentu irabazleak aukeratzeko irizpide gakoak bi izan dira: Herritarren partehartzea zein ahalduntzea zentroan jartzea, eta proposamenen esperimentazio eta ausardia maila.

2022ko urtarrilean jarriko dira abian lehiaketa irabazi duten bi esperimentuak, eta urria arte elkarlanean arituko dira bi proiektuen baitan dauden sustatzaileak, herritarrak eta inplikatutako erakunde publikoak. Lehiaketaren aurrekontua 60.000 eurokoa izaki, proposamen bakoitzak 30.000 euroko dirulaguntza jasoko du egitasmoa garatzeko.

"Lehiaketaren irabazleak izan diren esperimentuetan garatzen den ezagutzak ikasteko aukera eskainiko digu kosorkuntza ekosistemako hurrengo saioetan, eta baita Euskal Herrian zehar gertatzen ari diren zenbait ko-sorkuntza ekimenekin konektatzen jarraitzeko ere", adierazi du Arantzazulab-eko lantaldeak.