Igo
  • 2021/03/22

Beste 87.000 euro banatu ditu Udalak herriko ostalarien artean

Ostalariek 1.150 euro arteko diru laguntza zuzenak jaso dituzte egunotan Galdakaoko Udalaren eskutik: taberna edo jatetxea izateagatik, 800 euro; alokairua ordaintzeagatik, 200 euro; eta bi langile baino gehiago izateagatik, 150 euro. 1.150 eurora arteko laguntzak, Galdakaon taberna edo jatetxea duten 88 herritarrek. Guztira 86.772,78 euro banatu ditu hala Galdakaoko Udalak ostalaritzari zuzendutako azken deialdian. Urtarrilaren 12 eta 18a bitartean egindako eskaerei dagokie orain jasotako laguntza.



Ez da ostalariek Galdakaoko Udalaren eskutik zuzenean jaso duten laguntza bakarra. Aurrez, pyme eta autonomoentzako egindako deialdian, mila eurora arteko ekarpenak jaso zituzten herriko negozio txikiek; tartean, ostalaritzakoek ere bai. Orduan,  192.795,17 euro banatu zituen Udalak. Iazko uztailean hasi zen prozesu hori, baina autonomo asko laguntzak jaso ezinik geratu ziren. Hori dela eta, onuradun gehiagora iristeko helburuz baldintzak nabarmen malgutu zituen Udalak, eta ondorioz, azaroan egindako bigarren deialdi batean eskuratu ahal izan zituzten laguntza horiek aurrez kanpoan geratu zirenek.



Hortaz, orain arte, 279.567,95 euro banatu ditu Udalak, laguntza zuzenetan, herriko ostalari, dendari eta enpresa txikien artean.



Ez hori bakarrik; beste hainbat laguntza ere jaso dituzte dendari eta ostalariek zeharkako bideetatik. Esate baterako, terrazak handitzea baimendu eta horri dagokion tasarik ez die kobratu Udalak, ohiko terrazen tasetatik erdia soilik kobratu die 2020an, eta 2021ko lehen seihilekoan ez dute zaborren tasarik ordaindu behar izango pandemiaren eraginez euren negozioak momenturen batean itxi behar izan dituzten ostalari eta dendariek.



Bestelako laguntzak ere eman ditu Udalak pandemiaren eragina arintzeko helburuz; hor kokatzen dira, adibidez, ez ohiko enplegu planak edo ikastetxeei emandako laguntzak.