Igo
  • 2020/06/04

Bertan behera geratu dira 2020ko Santakurtzak

Aurten ez da ohiko Santakurtzik izango Galdakaon. Bai Kultura Batzordearekin eta bai Jai Batzordearekin bildu ondoren, iraileko jaiak bertan behera uztea erabaki du udalak, Jai Batzordeak aho batez emandako babesarekin. Jaietarako gordea zegoen diruaren zati handi bat covid-19ak herritarrei eragindako kalteak arintzera bideratuko da.


Tristuraz ematen du berria udalak, baina egoerak eskatzen duen erantzukizunarekin. Dagoeneko antolaketa lan asko aurreratuta egonik jaiekin aurrera egitea errazagoa izango litzaiokeen arren, erabaki zaila hartu behar izan du udalak, arrazoi argi bategatik: ohituta gauden Santakurtzetan ezinezkoa izango litzateke herritarren babeserako neurriak mantentzea. Oraindik etor litekeena ezin asma litekeen arren, inork ez du zalantzan jartzen jende pilaketak saihestu beharra, eta ezagutzen ditugun jai ereduan, hori ezinezkoa da. Hargatik erabaki du Bilbok ere Aste Nagusia bertan behera uztea. Hortaz, jaietarako gogorik falta ez zaigun arren, zentzuz eta arduratsu jokatzea egokitzen zaigu, eta herritarrek ulertuko dutelakoan gaude.


Udalak erabakia Jai Batzordearekin eta udaletxeko kultur arloko zinegotzi eta teknikariak zein alderdi politiko guztietako ordezkariak biltzen dituen Kultura Batzordearekin kontrastatu ondoren jakinarazten du. Jaiak bertan behera uzteko erabakia ulertu dute bi instantziek, eta horien jarrera eskertzen du udal gobernuak. Jai Batzordeak espresuki adierazitako babesa bereziki txalotu nahi du, bileran parte hartu duten 20 elkarteetako ordezkariek aho batez eman baitiote atxikimendua jaiak bertan behera uzteko erabakiari, haiek kontutan hartu izana berariaz eskertu ondoren.


Horrenbestez, aurtengo Santakurtzak bertan behera geratzen direla jakinarazten du udalak, eta jai horietan erabiltzekoak ziren diruak pandemiak gogorren kaltetu dituen herritarrak laguntzera bideratuko direla. Horren barruan kultur eskaintzari begira ere jarriko da udala, herritarrei eskaintza zabaldu eta artistak, haien lanak kontratatuta, lagunduta.


Denon artean lortuko dugu!