Igo
  • 2021/10/27

‘Berria’-k bertoko merkataritza biziberritzeko kanpaina abiatuko du Galdakaon, Udalaren eta Dendari elkartearen babesarekin

Berriak 'Berria zabalik' kanpaina abiatuko du Galdakaon, merkatari txikien jarduna biziberritzeko. Eginahal horretan, Galdakaoko Udala eta Dendari dendarien elkartea izango ditu lagun.

Urriaren 27tik azaroaren 8ra, kanpainan parte hartu nahi duten merkatariek izena eman beharko dute, horretarako prestatu den online formulario batean (ikus https://bl.berria.eus/berria-zabalik-herriak ). Azaroaren 22tik abenduaren 1era, herritarrek zozketa batean parte hartu ahal izango dute; horretarako, aurrez izena eman duten dendetan erosi beharko dute.

Ostalariek, berriz, egitasmoak irauten duen bitartean, Berria egunkaria doan eskuratzeko aukera izango dute. Horretarako, azaroaren 17a baino lehen, izena eman beharko dute formularioan (ikus https://bl.berria.eus/ostalaritza-eskaintza).

Abenduaren 3an, Kutxabank-ek babestuta, Galdakaoko dendetan erabiltzeko 1.000 euro zozkatuko dira herritarren artean, eta beste 1.000 euro kanpainan parte hartu duten saltokien artean, Berria egunkarian publizitatean erabiltzeko.

Euskararen Egunean, abenduaren 3an, kanpainan parte hartu duten norbanako eta saltokien sarien zozketa egingo da. Izan ere, egitasmoaren beste helburu bat da Galdakaon eta galdakoztarrak euskaraz kontsumitzera animatzea eta hizkuntza haien egunerokora gerturatzea.

Helburuekin bat eginda, egitasmoak Galdakaoko Udalaren babesa duela azaldu du Iņigo Hernando alkateak, bai herriko merkataritza txikia eta bai euskara sustatzeko nahia berretsita. Bide berean indar egin du Edurne Espilla Galdakaoko Euskara zinegotziak ere: "Euskararen presentzia indartu nahi dugu Galdakaon; gure kaleetan nahi dugu, aisialdian eta eguneroko harremanetan, bizirik. Eta, horretarako, hainbat egitasmo jarri ditugu martxan urtean zehar. Berriaren kanpaina gauzatuko den une berean, esaterako, Sormene euskal sorkuntzen plazan murgilduta egongo da Galdakao. Beharrezkoa da kultura, aisia eta egunerokoa euskaraz bizitzeko aukera izatea, eta konpromiso horrekin ari da Udala".

Martxelo Otamendi Berriako zuzendariaren arabera, "tokiko merkataritza gogor astindu du pandemiak, eta azkeneko urte eta erdia oso gogorra izan da merkatari txikientzat. Berriak apustua egin nahi du bi norabideetan: esku bat botaz tokiko ekonomiari, eta euskara eta irakurzaletasuna bultzatuz, Berriaren presentziarekin".

Galdakaoko Dendari dendari elkarteak harrera ezin hobea egin dio kanpainari. Aitziber Bonilla lehendakariaren ustez, "horrelako egitasmoen premia du merkatari txikiak, bizi duen momentuari eusteko eta herritarren artean kontsumoa pizteko. Herriaren sostengua da tokiko dendaria, egunero bertan dagoena, eta bertako produktuekin lan egiten duena, gertuko zerbitzua emanez".

Kanpainara atxikituko diren dendetan erosketak egiten dituzten herritarren artean, 1.000 euroko saria banatuko du Berriak; herriko dendetan erabiltzeko bonoa izango da. Kutxabankek finantzatuko du saria, eta denda txikiak, euskara eta Berria laguntzeaz "harro" agertu da Ramon Aranburu ordezkaria.