Igo
  • 2021/02/24

Bereizten den hondakin organikoa %1,4 da egun Galdakaon eta %10 izateko erronka bota du Udalak

Galdakaon jasotzen den zaborraren %74 errefusa da; gaikako bilketa barik jasotako hondakina. Bereizita batutako hondakin organikoak, aldiz, zabor guztien %1,4 baino ez dira. Bestela esanda: galdakoztar batek, batez beste, 260 kilo hondakin botatzen ditu urtean errefusako edukiontzira; edukiontzi marroira, 5 kilo besterik ez.

Zaborren kudeaketaren egoera ezagutu nahian udal honek 2019ko azaroan egin zuen esperientziak argi erakutsi zuen arrazoia: errefusaren edukiontzietara botatako 17 poltsa ireki eta aztertu ziren lagin moduan, eta bertan zegoen zaborraren %48 hondakin organikoa zen; bereiziko balitz, edukiontzi marroian bota beharrekoa. Datu eta adibide horiekin eman du egoeraren berri Ainara Telletxek, Udaleko Ingurumen teknikariak, Iņigo Hernando alkatearekin eta Nerea Orozko Ingurumen zinegotziarekin egindako agerraldian.

"Hondakin organikoak konpostegietara bideratzen dira, eta bertan, ongarriaren osagarri modura erabili daitekeen konposta egiten da", azaldu du teknikariak. "Errefusako edukiontzira botatzen ditugun hondakinak, berriz, tratamentu mekaniko eta biologiko baten ostean zabortegira joaten dira, ingurunerako dakartzan ondorio negatibo guztiekin", gaineratu du. "Gaikako bilketak eta birziklatzeak zabortegi eta erraustegien beharra murrizten du".

Galdakaok arlo horretan duen egoera kaskarraz ohartarazi du alkateak ere, zaborraren kudeaketa desegokiak dakartzan eraginen aurrean Europako Batzordeak zehaztuta dituen gutxienekoak gogora ekarrita: 2025ean gaikako bilketa %55 izateko helburua ezarria du Europak, 2030erako %60 izatekoa, eta 2035ean %65. Zenbaki horietatik oso urrun dago Galdakao: hondakinen %21 soilik bereizten dira.

"Datuak ez dira onak Galdakaon", aitortu du Iņigo Hernandok, neurriak hartu eta orain arteko norabidea aldatzeko premia adierazita. Gaikako bilketa nabarmen areagotzeko beharra plazaratu du, eta hori sustatatzeko kanpaina iragarri du. Galdakoztarrei, bertako familia, komertzio, ostalari eta enpresa guztiei, hondakinak gaika banatu, kontzientziazioa landu eta birziklatzea sustatzeko eskatu die. Bide horretan aurrerapauso eraginkorrak bilatu nahian, erronka luzatu die guztiei: organikoaren bilketa %10era iristeko erronka.

Konposta lortzeko moduan datorren astetik aurrera egongo den aldaketa, horretarako baliatzeko deia egin du Orozkok. Izan ere, edukiontzi marroian hondakin begetalak soilik utz zitezkeen orain arte, eta, astelehenetik aurrera, animali jatorriko hondakin organikoak ere bota ahalko dira bertara. Hau da, orain arte ez bezala, arrain, haragi, arraultza, gazta eta antzeko elikagaien hondakinak ere utzi ahalko dira konpostarako edukiontzietan, gordinik zein eginda. Horrek bereiztutako organiko kopurua handitzeko aukera errazten du.

Hain zuzen, hori dela eta, Udala harremanetan egon da Aldundiarekin iaztik, animali jatorriko hondakinak ere onartuko dituen sistema ezar dadila eskatuz. Lea-Artibaik soilik izan du hartarako aukera Bizkaian, orain arte. Proba gisara ezarri zen bertan organiko osoa biltzeko sistema, eta fruituak eman zituen: hondakinaren %11 da organikoaren ontzietan bereiztu eta konposta egiteko erabiltzen dena.

Esperientzia horri segitzeko deia egin du Ingurumen zinegotziak herritarrak, ostalaritza eta komertzioak espresuki aipatuta: "Ea gutxienez %10era heltzeko gai garen". Horrek erraustegi edo zabortegien beharra txikitzen duela errepikatu du eta horiek dakartzaten kalteak gogora ekarri ditu: "Badakigu erraustegietan erretzen denetik %80 atmosferara doala eta %20 lurrean gerazen dela; eta ez zoru gainean soilik, baizik ur eta erreketara joaten dela".

Organikoaren bereizketa sustatzeko helburuz, kanpaina bat abiatu du Udalak Artelatz enpresaren laguntzarekin: "Orain bai. Ezin gara atzean geratu". Martxoaren 1etik 9ra bitartean informazio guneak jarriko dira herriko zortzi gunetan, eta organikoa bereizteko ontziak, poltsak eta txartelak banatuko dira horietan. Hortik aurrera Esan-en jaso ahalko da material hori, ohi bezala, aurrez hitzordua eskatuta.

Honakoak dira informazioa eta materiala jasotzeko egun eta lekuak:

📆 Martxoak 1 astelehena, 10:00-15:00. Plazakoetxen (parkearen sarrera)

📆 Martxoak 2 asteartea, 10:00-15:00. Usansolon (Unkina plaza)

📆 Martxoak 3 asteazkena, 15:00-20:00. Torrezabalen

📆 Martxoak 4 osteguna, 15:00-20:00. Gorosibai auzoa, 5A.

📆 Martxoak 5 ostirala, 10:00-15:00. Bengoetxen (Aperribaibide 2-4)

📆 Martxoak 6 larunbata, 10:00-15:00. Udaletxean

📆 Martxoak 8 astelehena, 15:00-20:00. Aperribain (Aperribai auzoa 3B)

📆 Martxoak 9 asteartea, 10:00-15:00. Urretan (Bizkai kalea 55)