Igo
  • 2018/11/12

Berdintasunaren XIV. Jardunaldiak, “EMAKUMEOK JOKOAN, kirolean berdintasuna sustatzeko proposamenak” goiburuarekin

Hilaren 26an eta 27an, Berdintasunaren Jardunaldiak, "EMAKUMEOK JOKOAN, kirolean berdintasuna sustatzeko proposamenak" izenburua daraman hamalaugarren edizioa antolatu da Galdakaon.


Inskripzioa zabalik dago, doakoa da eta Torrezabal Kultur Etxean Berdintasun Arlora deituz edo bertara joanez egin daiteke, baita udalaren web-orriaren bitartez ere, Jardunaldietarako bannerrean.


Galdakaoko udalaren Berdintasun Arloak Jardunaldiok bultzatu ditu emakumeek kirol arloan parte-hartze berdinzalea lortzeko estrategiak gai nagusi hartuta.


Begoņa Ormaetxe Berdintasun Arloko zinegotziak edizio berri honen aurkezpenean azaldu dauenez, "Jardunaldien helburua da kirol-praktikak duen garrantziaz, desberdintasunez, emakumeok gure kirol-jarduera garatzeko ditugun zailtasunez eta beste hainbat kontuez sentsibilizatzea, ikusgarri bihurtzea eta hausnarketarako espazio bat sortzea, azken batean, desberdintasun horien aurka borrokatzeko estrategiak bilatzeko eta kirol arloan berdintasuna sustatzeko".


Horretarako, kirol praktika desberdinetan dagoen egoera aztertuko da, heziketaren garrantziari buruz hausnartuko dugu eta nesken artean kiroalren balioa bultzatuko dugu, emakume kirolariak baloratuz eta merezi duten aitorpena emanez.


"Eta oso garrantzitsua, udalerriko kirol klubekin lan egiten saiatuko gara askok jada hasia duten aldaketarako tresnak emateko, emakumezkoen taldeak sortzea bultzatuz eta modu berdinzale batean baliabide egokiekin hornituz", azpimarratu du Ormaetxek.


Azaroaren 26ko jardunaldian, kirol-praktikari dagokionez, emakumeen eta gizonen benetako egoera azalduko da eta, nesken kirol-praktika sustatzerakoan hezkuntzak duen garrantziaz hausnatuko dugu.


Jardunaldi honetan ondokoek parte hartuko dute: Matilde Fontecha Miranda Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ohia, Hezkuntza Fiskoaren ikasgaian eta bere didaktikan aditua, ikasgai horretan genero ikuspegia feminismotik erabiltzen lehenengoa; Maria Martin Rodriguez, gimnasta ohia Seuleko Joko Olinpikoetan, Madrileko INEFeko irakaslea; eta, Ainhoa Azurmendi Echegaray, psikologian doktorea eta Avento Aholku-etxean kirol plangintzako aholkularia.


Arratsaldean, tailer parte-hartzailea egongo da Galdakaoko kirol-kluben eskutik, praktika onen inguruan berba egingo digutenak.


Bigarren jardunaldian, kirol-diziplina desberdinetako praktika onak azalduko dira, zailatsunak eta lorpenak azalduz eta guzti horretaz hausnartzeko.


Emakumeak futbolean gaiari buruz hitz egingo da, Athletic Clubeko Iraia Iturregi Sustatxarekin, eta jarduera fisikoa bizitzeko modu gisa gaiaz, Club Atletismo Bilbaoko Iraia Garcia Etxebarriarekin.


Bigarren zatian, emakumeen parte-hartzea kirolean sustatzen izandako esperientzia arrakastatsuak aipatuko dira.


Amaitzeko, ondorioei buruzko saioa izango da, Oihulari Klownaren eskutik.