Igo
  • 2022/01/17

Benito Lertxundi, ‘Winnipeg’, Go!azen, LOF, ‘Altsasu’, La gata japonesa, ‘Sexberdinak’: kultur eskaintza aberatsa Torrezabalen egonkortzen ari da

Disziplina, hizkuntza eta jatorri aldetik anitza, erregularra eta orekatua; izen handiak eta altxor txikiak uztartzen dituena; estereotipoak apurtzen dituena; klasikoa zein berritzailea; dibertitzekoa eta hausnartzekoa. Aberatsa da, oso, urtarriletik maiatzera Torrezabal Kultur Etxean izango den eskaintza.

Egonkortzen ari da eskaintza zabal hori Torrezabalen, eta egonkortzen ikus-entzuleen erantzun aparta ere. Datuek erakusten dute: ikus-entzule kopuruak gora egin du berriro, eta 9.000 baino gehiago izan dira 2021ean. 2020an ere paregabea izan zela kontatu du Olaia Parra Kultura zinegotziak: Covid-19 dela eta martxotik irailera itxita egon zen arren, 6.172 ikus-entzule izan ziren. Hortaz, lehen baino askoz emaitza hobeak izaten ari da Galdakaoko kultur etxea azken urteetan: kontuan izan behar da 2017an, esaterako, 3.800 ikus entzule izan zirela, eta 2018an 5.800, urte horietan aforoa % 100ekoa zen arren. 

Programazioarekin erabat lotuta dago, jakina, publikoaren erantzun ona, eta 2021ean 60 ikuskizun programatu ziren, 2017, 2018 edo 2019 urteetan programatutako 30-35 ikuskizunak praktikoki bikoiztuz. Ondorioa agerikoa da: kultur eskaintza erakargarria izaten ari da herritarrentzat. 2021ean antzokiaren okupazioa % 56koa izan da bataz beste, eta 14 ikuskizunek bete egin dute areto nagusia (% 90-100ean). Publikoa fidelizatzen ari dela esan liteke.

Bide hori egonkortzeko helburuarekin, aniztasunean sakondu da aurtengo programazioan eta harro egoteko moduko programazioa prestatu du udal programatzaileak. Eskaintza herritarrengana iritsi dadin, etxe guztietako buzoietara bidali da maiatza arteko programazioa, lehen aldiz. 

Katrin Schlegel programatzaileak berak aurkeztu du urteko lehen hileotako programazioa, lortu duen aniztasun eta kalitatearen berri emanaz: Cataluniatik etorriko den ‘Winnipeg’ altxortzat jo du; “ahaztuta dauden momentu historikoak modu kontenporaneo batean” kontatuko dituen ikuskizuna. Hain zuzen, 2.000 exiliatu Espainiako gerra zibiletik ihesi Chilera zeramatzan itsasontzia zen Winnipeg. Kontakizun berritzaile horren aurrean, ‘El Avaro’ aipatu du antzerki klasikoen erakusle, hain juxtu, Molièreren jaiotzaren 400. urteurrenean.

Euskal konpainiei dagokienez, emakume gazteak diren bi aktoreren amets eta bizipenak batuko ditu ‘Winona&Grace’ antzerkiak; Hika teatroak, 70. hamarkadako Bilboko San Frantzisko auzora eramango du ikuslea “La Tarara” antzerkiarekin; eta LOF ikuskizunak bost emakume eramango ditu ring bihurtutako taulagainera, dantza-ikuskizun tragikomikoan. Publiko gazteari zuzendutakoa da azken hau.

Gazteentzako erakargarria, baita ere, milenium izatea zer den hausnartuz Formol laborategiak ondutako “Album” antzerki formatu berritzailea.

Hausnarketarako garraiobide izango dira, baita ere, “Semea piska bat motelago dabil soilik” ikuskizuna eta urteko bigarren emanaldia izango den “Sexberdinak”.

Urteko lehen emanaldiak ere emango du zer pentsatu: ‘Altsasu’. Mireia Goirizelaia zuzendariak, gainera, lanaren nondik norakoak azalduko ditu Torrezabalen, eta, antzerkiaren ondoren, solasaldia egingo da antzezleekin. Antzokia herritarrengana hurbiltzeko modu bat gehiago izango da. 

Umeei begira jarrita, La gata japonesaren ‘Bowaren bidaiak’ zirkoak aipamen berezia merezi du eta La mecánica taldearen ‘Gauza txikiak’ antzerki fisiko eta bisualak ere bai. Haurrentzako antzerki klasikoak ‘Perez sagutxoa’ emankizunean izango du lekua, eta, horren aurrean, hiri kaotikoa kokagune duen ‘Tarzan’ kontenporaneoa izango dugu. ‘Go!azen 8.0 kontzertu’ arrakastatsuak ez du aurkezpenik behar gaztetxoen artean.

Azalpenik behar ez duen beste artista bat Benito Lertxundi da. Torrezabalen izango dugu otsailan.


 

Torrezabaleko kultura programa l Urtarrila - Maiatza 2022