Igo
  • 2021/07/09

Bengoetxeko biribilgunea estutzeko lanak datorren astean amaituko dira espaloien eraikuntzarekin eta asfalto berriarekin

Galdakaoko herritarrek 2021eko aurrekontu parte hartzaileetan eskatutakoari jarraituz, Bengoetxeko biribilgunea estutzeko lanean ari da Udala. Datorren astean amaituko dira Sixta Barrenetxea kalearen amaieran, Aperribai bidearekin lotzen den gunean, egiten ari diren lanak.

Prozesu parte hartzaile hartan, biribilgune hori estutu eta Aperribai biderantz doazen bideak konpontzeko eskatu zuten herritarrek, izan ere, oinezko askok erabiltzen duten ohiko igarobidea da. Eskaerari erantzunez, aste honetan hasi dira biribilgunea estutzeko lanak, eta jarduera horren barruan, espaloia eraikiko da oinezkoek igarotzeko erabiltzen zuten errepidearen pareko eremuan. Bolardo batzuk zeuden oinezkoak babesteko, eta espaloia jarriko da bertan, autobusek eta bestelako ibilgailuek ondotik igarotzean eragiten zituzten arrisku egoerak eta beldur sentsazioa saihesteko.

Lan hauek egiteko, egun dauden baliabideak erabili dira, kontratu handirik egin behar izan gabe: Galdakaoko Udalak kontratu txiki baten bitartez gauzatuko du biribilgunearen murrizketa. Espaloia eraikitzeko lanak eta asfaltoa hobetzekoak, berriz, Udalak indarrean dituen beste kontratu batzuen bidez egingo dira: berehalako ekintza brigadak eta asfaltatze lanetan ari direnek egingo dituzte.

Espaloia eraiki eta asfalto berria margotu ondoren, lanak datorren astean amaituko direla aurreikusten da. Horrenbestez, eremu horretako mugikortasuna nabarmen hobetuko da, batez ere oinezkoentzat, izan ere, aurrerantzean ez dute errepidera jaitsi beharrik izango Aperribai biderantz joateko, Ergoien auzotik edo Sixta Barrenetxea kalearen eskuinaldetik doazenek. Datorren astetik aurrera biribilgunearen bi aldeetatik ibili ahal izango da, ibilgailuen parean igaro beharrik gabe, segurtasunaren mesedetan.