Igo
  • 2021/07/15

Batzorde Mistoak ontzat eman du Usansoloren segregazioari buruzko memoria. Aldundiaren txanda da orain

Usansolo Galdakaotik banantzeari buruzko Batzorde Mistoak bete du bere lana: Foru Araua jarraituta, egin du bereizketak eragingo lituzkeenari buruzko memoria. Eta ontzat eman du: gehiengo osoz onartu du tramitazioari bide ematea. Hortaz, Galdakaoko Udalak fase honetan dagokion egitekoa amaituta, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku geratu da bideari jarraipena ematea.

Bideragarritasun ekonomikoa, kartografiari buruzko azterketa, balizko udal berriak izango lituzkeen lanpostuen zerrenda eta zerbitzuena jaso ditu memoriak, besteak beste, Foru Arauak eskatutakoa beteta. Batzorde Mistoa osatzen duten sei kideetatik lauk alde bozkatuta eta bi abstenituta, gehiengo osoz onartu da tramitea.

Honakoa da Batzorde Mistoaren konposaketa: Galdakaoren aldetik alkatea, EAJren ordezkari bat eta EH Bilduren bat, eta Usansoloren aldetik, Usansolo Herria plataformako bi kide eta EAJko bat. Azken udal hauteskundeetako boto kopuruaren arabera egituratuta dago ordezkaritza. Lau kidek memoria ontzat eman eta tramitazioari jarraipena ematearen alde bozkatu dute, eta EAJko bi ordezkariak abstenitu egin dira.

Langa hori gaindituta, orain Bizkaiko Foru Aldundira iritsiko da auzia, Lurralde Garapenerako Sailera. Aldundiak proposamena ezarritakoarekin bat datorrela ebazten badu, Galdakaoko Udalera itzuliko da gaia. Hiru hilabeteko epean, osoko bilkurara eraman beharko luke gaia Udalak, eta, tarte horretan, Usansoloko herritarrei galdeketa egiteko aukera izango luke herritarrek balizko segregazioari buruz duten iritzia ezagutzeko, Foru Arauak zehazten duenez. Osoko bilkurak memoria gehiengo osoz onartuko balu Bizkaiko Foru Aldundira bidaliko luke erabakia, eta Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietara igorriko luke gaia. Batzar Nagusiek hartu beharko lukete, orduan, segregazioa ahalbidetzeari buruzko erabakia.