Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Batzar Nagusien langa gaindituta, Bizkaiko 113. udalerria da Usansolo

Instituzionala   2022/11/23

Azken urratsa bete du Usansoloko segregazio prozesuak eta, beraz, Galdakaotik bereizita, udalerri bihurtu da; Bizkaiko 113. udalerria da Usansolo. Gernikako juntetxean egindako botaketan, Usansolotarrek behin eta berriz adierazitako nahia gauzatzearen aldeko botoa eman dute 39 batzarkidek (EH Bildu, Podemos eta EAJ); 8 batzarkidek ezezko botoa eman dute (PSE-EE), eta bi ordezkari (PP) abstenitu egin dira. Hortaz, gehiengo argi batekin, udalerri bihurtu da Usansolo.

Orain, Bizkaiko Buletin ofizialean argitaratuko da erabakia, eta publiko egiten den egun horretatik bi hilabeteko epea egongo da helegiteak aurkezteko. Helegiterik ezean behin betikoa izango da bereizketa, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako urratsak egingo dira egoera administratibo berrirako trantsizioa egiteko.

Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak adierazi du edozein kasutan bide hori Aldundiak ezarritako pausoak jarraituta lasaitasunez egingo litzatekeela eta gustura azaldu da egindako ariketa demokratikoagatik. “Udal gobernu honek usansolotarren nahia errespetatzeko bere eskuetan zituen baliabideak erabiliko zituela esan zuen, eta hitza bete du. Prozesua aktibatzeko bidea egin du eta bi urteko lanketa zorrotzaren ondoren hemen gaude”.