Igo
  • 2018/03/19

Basket Ibaizabalek hautagaitza aurkezten dau Emakumezkoen Ligako igoera fasea Galdakaon antolatzeko

Basket Ibaizabal taldeak gorenera iristeko itxaropenaz jarraitzen dau. Denporaldi honetan izandako emaitza onak ikusita, eta Emakumezkoen Liga-2an daukan zuzeneko aurkariari, Patatas Hijolusa taldeari irabazi ondoren (59-58), klub galdakoztarrak, Galdakaoko udalaren laguntzaz, Espainiako Saskibaloi Federazioari eskaera aurkeztu deutso Emakumezkoen Ligako igoera-fasea antolatzeko.


Koldo Goioaga Kirol arloko zinegotziak planteatzen dauenez, "okasino bikaina litzateke maila goreneko kirol ekintza bat gure herria ekarteko eta modu horretan Basket Ibaizabaleko emakumezkoen taldearen ibilbideari laguntzeko".


Hoin dala bost urte, Caceresen, Basket Ibaizabal taldeak goreneko kategoriara igotea lortu eban eta gauza bera egin gura dau barriro be. Baina oraingoan hautagaitza ipini dau mahai gainean igoera-fasea Galdakaon antolatzeko eta halan anfitrioi gisa jokatzeko. Igoera-liga honetan zortzi taldek parte hartzen dabe, jokalari eta teknikoen artean bakarrik 175 persona inguru.


Galdakao bigarrenez aurkeztuko da igoera-fase hau antolatzeko eta Valentzia eta Tenerifegaz lehiatuko da egoitza izateko. Basket Ibaizabal taldeak igoera-fasea jokatu eban azken aldia 2016. urtean izan zen, kasu hartan ahalegina kamuts atera zan arren.


Joan dan asteburuan Patatas Hijolusa taldea menderatu ondoren, Josema Alcantaren taldea lidertzan jarri da, igoerako play-offean sartuz: "Ez zan partidurik onena izan, saskibaloi-jokoari jagokonez, portzentaje onenak bez, baina, halango partiduak danok gura doguz irabazi eta ikusi. Egundoko partidua izan zan Urretakoa, kategoriako ekipo bi onenen artean jokatutakoa", laburbildu dau entrenatzaile galdakoztarrak.