Igo
  • 2019/11/25

Azaroaren 25aren harira adierazpena kaleratu du udal gobernuak eta bat egin du iluntzeko mobilizazioarekin

Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta gaur, 20:00etan, Santi Brouard plazan egingo den elkarretaratzarearekin bat egin du udal gobernuak. Era berean, indarkeria matxistarik gabeko herria lortzeko norabidean lan egiteko konpromisoa hartu du, adierazpena kaleratuta. Udal gobernua osatzen duten kide guztiek babestu dute adierazpena: udaleko EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos taldeek.


"Galdakaoko Udal honek, bere egiten du gure lurralde, herrialde eta herriak indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko ardura. Eta lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria mota horren adierazpen guztien kontrako borrokan, egiturazko jatorriaren eta betikotzen duen normalizazioan eraginez, ordena sozial patriarkala ezinbestez aldatzeko eta, emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eta emakumeen eta gizonen arteko harreman ereduak errealitate bihurtzeko xedez", dio adierazpeneko zioaren hasierak.


Gaur iluntzerako Galdakaoko mugimendu feministak antolatu duen elkarretaratzean parte hartzeko gonbita egin die udalak herritarrei, eta Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Egunaren harira antolatu diren gainerako egitasmoekin ere bat egin du.


Hona bide horretan datozen egunetarako antolatutako ekitaldiak:


📅 Gaur, azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Elkarretaratzea 20:00etan, Santi Brouard plazan. Antolatzailea: Galdakaoko mugimendu feminista.


📅 Azaroak 30, larunbata. Hitzaldi-topaketa, Amets Iturberen eskutik: "Mina: kolpeak baino gehiago". 18:00etan, Eperlandako lokaletan. Antolatzailea: Basandere elkartea.


📅 Abenduak 4, asteazkena. Mahai ingurua: "Indarkeria matxista: danon ardura". 19:00etan Torrezabal kultur etxean. Antolatzailea: Galdakaoko Udala.


--------------------------------


AZAROAK 25, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA


Udal gobernuaren adierazpena


Azaroaren 25a, emakumeen kontra burutzen den indarkeria mota oro, guztiz onartezina dela esateko eguna da; gainera, indarkeria sortzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna da,  eta gure herrian ez dugula ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean aldarrikatzeko eguna. Horregatik, egun honetan erakunde publikook, borroka horretan dugun lehentasunezko eragile-izaera berretsiz, konpromiso zehatzak hartu behar ditugu.


Beraz, Galdakaoko Udalaren Gobernu Taldeak honako adierazpen instituzional hau aurkeztu nahi du, Osoko Bilkuran eztabaidatu eta ondoren onartzeko.


ZIOA:


Azaroaren 25a "Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna" dela-eta, Galdakaoko Udal honek, bere egiten du gure lurralde, herrialde eta herriak,  indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko ardura. Eta lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria mota horren adierazpen guztien kontrako borrokan, egiturazko jatorriaren eta betikotzen duen normalizazioan eraginez, ordena sozial patriarkala ezinbestez aldatzeko eta, emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eta emakumeen eta gizonen arteko harreman ereduak errealitate bihurtzeko xedez.


Euskal Herrian, estatistikak aspalditik ari dira agerian uzten indarkeria matxistak gora egiten jarraitzen duela: urtea hasi denetik 4 emakume erail dituzte. Hala ere, ezin dugu ahaztu indarkeria honen adierazpen gehienek, egunero gertatzen direnak, normalizatuak eta inbisibilizatuak jarraitzen dutela.


Nola hedabideak, publizitatea, telebista, hezkuntza eredua, emakumeen errepresentazio justuaren falta eremu guztietan edo euren presentzia  genero estereotipo eta rol diskriminatzaileak bultzatuz, hala sinesmenak, praktikak eta jarrerak, besteak beste, injustua den eta emakumeak gutxiesten dituen ordena sozialaren parte dira. Ordena hori soziala, kulturala, ekonomikoa eta sinbolikoa da, bizitzaren arlo guztiak blaitzen ditu, publikoak nahiz pribatuak, eta, emakumeak genero mandatu patriarkalaren pean izateko asmoz, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak  erabiltzen ditu.


Erailketa matxistek gero eta arreta mediatiko gehiago erakartzen duten heinean, (gehienetan emakumeak berbiktimizatzeko edo erantzukizuna emakumeengan uzteko errelatoez), jendarteak irmoki gaitzesten ditu. Gure ardurak, ordea, haratago joan behar du: indarkeria mota latz hauek legitimatzen eta errazten dituzten indarkeria matxistak, mezu eta adierazpen desberdinen bidez egindakoak guztiak, ikusarazi behar baititugu: jendartean onarpen zabala dutenak eta normalizatuak mantentzen direnak, emakumeek egunero jasaten dituztenak, eta hala izan ez arren intentsitate baxu gisako identifikatzen direnak. Besteak beste, musika munduko hainbat letra zein jarrerek, film zein bideo-jokoetako rolek edo hedabideek transmititzen duten indarkeria sinbolikoaz ari gara, emakumeen bizitzak eta gorputzak kontrolatzeko saiakerak, eremu guztietan femeninotzat jotzen denaren gutxiespenenaren bidez gauzatzen den indarkeria psikologikoaz edo soldata txarretan edo lan baldintza prekarioetan antzeman dezakegun indarkeria ekonomikoaz ari gara.


Aurten, mugimendu feministaren beste mugarri batean, milaka emakumek hartu dituzte Euskal Herriko kaleak, aski dela ozen esateko; milaka emakumek planto egin dute emakumerik gabe mundua gelditzen dela bisibilizatzeko; eta beste horrenbestek aldarrikatu dute sistema judiziala patriarkala dela eta emakumeak babestu beharrean ardura haien bizkar uzten ari dela esan dutenak, erasotzaileak justifikatuz.


Feminismoak erakutsi digu errealitate bat aipatzeak ikusgai bihurtzen duela: indarkeria, bere adiera guztietan, gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasunak mantentzeko tresna nagusietako bat den heinean, ikusezin bihurtu da eta alderdi pertsonalei garrantzi handiegia ematen zaie, eta ikusarazi nahi digute indarkeriazko gertakariak arrazoi pertsonalen ondorio direla eta ez arrazoi sozialen ondorio. Ez da nahikoa indarkeria-adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea, horrelako gertakari latz bat gertatzen den bakoitzean; gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da, sustraira jo behar da, eta hori egitera, erakundeon ardura ere bada.


Zeharkako esku hartze integralak eta iraunkorrak abian jarri behar ditugu: berbiktimizazioa baztertuta, emakumeak subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak; errudun bilakatuko ez dituen esku hartzeak eta, ahots propioa, eragile aktibo diren neurrian, aitortuko dizkieten esku hartzeak. Horretaz gain, bermatu behar ditugu genero ikuspegi ahalduntzailea barnebiltzen duen artatze sistema eta erreparazio prozesuak, bai banakoak, bai kolektiboak. Giza eskubideaz ari garen heinean, instituzioen betebeharra da, alegia, mota guztietako indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubideaz.


Eta zeregin hori, gure egin behar dugun konpromiso hori, gizartea osatzen dugun eragile guztiok gure egin behar dugu, hala egiten ez badugu, indarkeria matxistari eusten jarraituko dugulako. Denon erantzukizuna delako bakoitzaren eragin-eremutik aurre egitea, indarkeria matxista sortzen, biderkatzen edo normalizatzen duten heinean gure instituzio eta erakunde aldatzea: erakunde publikoak, kultur-eragileak, hedabideak, lan-arloko eragileak eta eragile ekonomikoak, ahaztu gabe banakakook dugun ardura.


Tokiko erakundeak, indarkeria matxista guztien kontra jarduteko eremu egokiak dira: erakundeak, eskolak, aisialdi edo kirol guneak, etab., betiere jendartea osatzen duten kolektibo eta arlo guztien artean burutu beharreko lana da, denok interpelatzen gaituen arazo soziala den einean.


Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:


PROPOSAMENA:


1.- Galdakaoko Udal honek, Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa bere egiten du.


2.- Galdakaoko Udal honek  Bizkaiko Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.


3.- Galdakaoko Udal honek herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu eta dagokion lurralde mailan, indarkeria matxistaren kontrako zerbitzu-sarearen funtzionamendu egokia, elkarlana eta koordinazioa bultzatuko du, beti ere, kontuan hartuz adin txikikoak eta biktimen seme-alabak. Emakumeek, emakume izateagatik, pairatzen duten bortizkeria oroz arduratuko da udala, kontuan hartu gabe erasotzailea bere bikotea den  edo ez.


4.- Galdakaoko Udal honek, neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abiatuko ditu, besteak beste ondorengo gaiak jorratu ahal izateko modu iraunkorrean: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab.


5.- Galdakaoko Udal honek, nerabeei eta gazteei zuzendutako sentsibilizazio eta formazio jarduerak iraunkorrak abiatuko ditu emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko, etab.


6.- Galdakaoko Udal honek, indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio  eskubidea lantzeko jarduera iraunkorrak martxan jarriko ditu besteren artean, omenaldiak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak edo jardunaldiak, kasu), kalte-ordainketak, akonpainamendu soziala, etab. jasoz.


7.- Erakunde honetatik, hau da, Galdakaoko Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.


8.- Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.