Igo
  • 2018/11/16

Azaroaren 17an Igor Antoni omenaldia egingo jako, txirrindularitza profesionalari agur esanda garaipen garrantzitsuak lortu ondoren

"Orain dala 14 denporaldi hasi nintzan kirol eder eta gogor honetan. Espainiako Vueltak asko emon eustan txirrindulari lez eta, horregaitik, ondo pentsau ondoren eta lasterketa horretatik, bihar [irailak 16] itxiko deutsat txirrindulari profesional izateari 102 dortsala jarrita".


Berba honeek esanda, Igor Anton txirrindulari galdakoztarrak publikoki iragarri eban aurtengo Espainiako Vuelta amaitzeko bezperan pelotoi profesionala ixten ebala.


Horregaitik, Galdakaoko Txirrindulari Elkarteak eta Galdakaoko udalak bere ibilbidea autortzeko omenaldia bultzatu dabe, datorren azaroaren 17an, zapatua.


Egun horretan, 14:00etatik hasita, Igor Antoni eta bere familiari harrera instituzionala egingo jake udaletxean: Bertan Koporazioak omenaldia egingo deutso udalerriko intsignia emonaz. Ekitaldiaren ondoren, bazkari omenaldia egingo da Centro Extremeño-n, Galdakao Txirrindulari Elkarteak antolatuta (menuaren prezioa, 30 euro).


2010ean, Andorran eta Jaenen izandako garaipenakaz irabazteko bidean joiala, Espainiako Vueltan jausi ondoren be omenaldia egin eutson Galdakaok Igor Antoni. Oraingo honetan, agurra esateko ekitaldia izango da, bere palmares zabalean hainbat garaipen lortu ostean, Vueltan lau eta Italiako 2011ko Giroan bat. Hiru ekipotan parte hartu dau bere ibilbide profesionalean, Euskaltel Euskadin, Movistar Team-en, denporaldi bat, eta Dimension Data-n, Madariaga buru zan ekipoan distira handiena izan ebala.


Igorrek, 14 denporaldi eta 21 itzuli handi egin ondoren, agur esaten dau betiko lez, xalotasun handienaz, hartu dauen laguntza osoa, batez be, bere familiarena, eskertuz: "Ezin dot ahiztu nire ama Mari Josek honaino ailegetako egin eban ahalegina, bere hutsunea sentitzen dot baina aurrera egiteko indarra emoten deust. Nire aita Enriquek ni neu izaten itxi eustana eta motibatu ninduana. Nire emazte Idoia, hainbeste jasan behar izan nauena eta lagundu deustana eta, jakina, nire alaba Udane, nire motorea".