Igo
  • 2021/06/03

Auzoak lotuko dituen hiri autobusari buruzko azterketa iraila aldera egongo da amaituta

Udaldia amaitzearekin batera amaituta egongo da Galdakaoko hiri autobusari buruzko azterketa ere. Esleituta dago lana, eta Leber plangintza eta ingenieritza enpresa hasia da lanketa egiten. Halako proiektuetan aditua da enpresa. Udalerriko auzo eta guneak lotuko dituen zerbitzua antolatzeari begira, beharrak aztertu, diagnosia egin, aukerak landu eta aukera bakoitzaren kostu eta onuren inguruko ikerketa egingo du; hau da, balizko erabiltzaileen eta kostuen aurreikuspena egin, eta egitasmoaren bideragarritasuna aztertuko da. Ikerketa hori hartuko du oinarri Udalak, hiri autobusaren nolakotasuna erabakitzeko.


Horretarako, egungo egoeraren diagnosia egingo da lehenik. Galdakaon dagoen garraio publikoa aztertuko da, ematen duen zerbitzua zerrendatu, gabeziak antzeman, eta gabezia horiek konpontzeari begirako proposamena egingo du ingenieritza eta plangintzarako enpresak.


Diagnosia egiteko, Galdakaotik igarotzen diren Bizkaibusen linea guztiek ematen duten zerbitzuari erreparatuko die; linea bakoitzak Galdakaon duen eskaerari eta udalerri barruan mugitzeko ematen duen zerbitzuari. Erdiguneari ematen diote zerbitzua gehienbat linea horiek, eta ondorioz, udalerriko auzo eta gune batzuk ez dute garraio zerbitzu publikorik. Horiek lirateke herri barruko autobus zerbitzuaren premia handiena dutenak.


Garraio publikorik ez duten gune horien azterketa egingo da ondoren, besteak beste bakoitzak zenbateko populazioa duen jakiteko eta bere ezaugarriak ezagutzeko. Oso populazio gutxiko guneetarako zein alternatiba egon daitezkeen ere aztertu beharko da.


Guneen egoera eta premiak detektatu, eta proposamen zehatza egingo da azterlanean, ondoren Udalak proiektua gauzatzeko oinarri gisa erabil dezan.


"Zerbitzuarekin lortu nahi duguna da herritar guztiek mugitzeko erraztasun handiagoa izatea eta auzoen arteko loturak erraztea", adierazi du Mari Paz Losada Mugikortasun zinegotziak. Alkateorde ere baden Losadak azaldu duenez, hainbat auzotako bizilagunentzat gaur egun zaila da bere udalerriko kiroldegira eta anbulategira joatea edo erosketak zein gestioak egitea, eta egoera horiek nabarmen hobetuko dira zerbitzu berri horri esker.