Igo
  • 2020/12/04

Autonomo eta enpresa txikiek abenduaren 9tik 22ra eskatu ahalko dituzte diru laguntzak, bigarren deialdian

COVID-19a autonomoei zein enpresa txiki eta ertainei eragiten ari den kalte ekonomikoak arintzeko helburuz, diru laguntzen bigarren deialdia abiatuko du Galdakaoko Udalak. Asteazkenean hasiko da eskaerak egiteko epea, eta hilaren 22ra arte egongo da hartarako aukera.


Laguntzen lehen deialdia osatzera dator bigarren hau. 198 eskatzaileri onartu zitzaizkien laguntzak lehen deialdi hartan, eta 58ri ukatu. Ukatze horien arrazoi nagusia Lanbidek gerora iragarritako laguntzak udalarenarekin bateraezinak izan zirela da. Gainontzekoen artean, ukatze gehienen arrazoia egoitza fiskala Galdakaotik kanpo edukitzea izan zen. Galdakoztar asko laguntza horietatik kanpo geratu direla eta, baldintzak malgutzeko modua aurkitu du Udalak. Hartara, lehen deialdian onartu ziren laguntza guztiak ordaindu ondoren, bigarren deialdia zabaldu du.


Laguntza jaso ezin izan zutenei beste aukera bat ematea da bigarren deialdiaren helburua, eta mila eurora artekoak diren laguntzen zenbateko osoa jaso ezin izan zutenei horretarako aukera ematea.


Egoitza fiskala berton izan ez arren jardueraren egoitza Galdakaon duten autonomoek eta enpresa txikiek ere eskatu ahalko dituzte laguntzak oraingoan. Justifikaziorako fakturen nolakotasuna ere zabaldu egin da, 1.000 euroko laguntza jasotzera iritsi ez zirenei muga horretara iristea erraztuz. Edozein kasutan, gogoratu behar da diruz lagunduko diren fakturak alarma egoeraren lehen fasekoak izan behar dutela: 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 1era bitartean euren negozioak itxi behar izan zituzten edo diru sarrerak %75 baino gehiagoan galdu zituztenak dira diruz lagunduko direnak.


Bigarren deialdiko eskaerak abenduaren 9tik 22ra bitartean aurkeztu ahalko dira, telematikoki. Hala egiteko derrigortasunik ez dutenek Behargintzan egin ahalko dituzte eskaerak, aurrez hitzordua eskatuta.


Tramitazioak errazteko helburuarekin, lehen deialdian eskabidea zuzen egin zutenek aurkeztutako dokumentazioa ez dute berriro aurkeztu behar izango, baina bai eskakizuna.


Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko:


https://www.galdakao.eus/autonomo-eta-enpresa-txikiei-laguntza


Behargintza: 94 401 05 80