Igo
  • 2019/10/31

Auto hibridoei %50eko zerga onurak ezarriko dizkie Galdakaoko Udalak

Askotariko gaiak landu dira Galdakaoko urriko udalbatzan: Miguel Angel Martin atxiki gabeko kide izendatu dute, kutsadura gutxien sortzen duten ibilgailuak saritzeko neurriak areagotu dira, Torrezabaleko erakusketa gela erabiltzeko irizpideak aldatzeari ezezkoa eman zaio, eta Gernikako Estatutuaren 40. urteurrenaren harira erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten bi mozio onartu dira.


Miguel Angel Martin zinegotziaren egoera aldaketaren berri emanaz hasi zen, atzo iluntzean, urriko udalbatza. Auzoak plataformako zinegotzi izan da orain arte Martin, eta beraz, udal gobernuko kide. Barne liskarrengatik plataforma utzi du, ordea, Martinek, eta atxiki gabeko kide izatera igaro da. Beraz, oposizioan egongo da hemendik aurrera. Horrek, halere, ez ditu gehiengoak aldatuko; 12 ordezkarik osatuko dute udal gobernua (EH Bilduko 6, Auzoak-eko 3, Usansolo Herriako 2 eta Podemoseko 1) eta 9 egongo dira oposizioan (EAJko 6, PSE-EEko 2 eta atxiki gabeko 1). Martinek, orain arteko norabideari eutsiko diola adierazi du.


Ingurumenaren aldeko urratsa izan da udalbatzak hartutako lehen erabakia: gutxien kutsatzen duten ibilgailuei zerga onurak ezartzeko bidean beste pauso bat eman du. Zehazki, auto hibridoei eragiten die neurriak, eta erregai gisa gas naturala, petrolio gas likidotuak edo bioetanola erabiltzen dutenei; auto horiek %50eko onura izango dute zergetan. Ibilgailu elektrikoen eta CO2 isuririk ez duten autoen onurei gehituko zaie hibridoena. Maite Arandia Ogasun zinegotziak azaldu duenez, autoaren lehen bost urteetan jaso ahalko dira onura horiek eskaera egin ondorengo urtetik hasita, eta ezingo dira atzeraeragintasunez eskatu.


Bestelako gaiak izan ziren eztabaidagai ondoren, asteazken iluntzeko udalbatzan. Lehenik eta behin, Txema Larrazabal PSE-EEren zinegotziak liskar politikoen iturri izan den gai bat atera zuen, berriro, mahai gainera. Jon Bienzobas Galdakaoko presoaren artelanak herriko kultur etxean erakutsi izana gaitzesi zuen, eta halakorik berriro egin ez dadin neurriak hartzeko eskatu zuen. Hartarako, erakusketak baimentzeko prozedura alda dadila eskatu zuen. Baina ezezkoa eman zion udalbatzak. Zentsura ezarri nahia eta artifizialki liskarrak sortu nahia aurpegiratu diote udal gobernuko kideek, eta elkarbizitzaren aldeko apustura batu dadila eskatu diote. PSE-EEren beraren aldeko bi botoak soilik jaso ditu mozioak; udal gobernuko 12 ordezkarien kontrako botoak, eta EAJren eta atxiki gabeko kidearen 7 abstentzioak.


Gernikako Estatutuaren 40. urteurrena dela eta, hiru mozio izan ziren eztabaidagai: Estatutuaren onurak goratu eta ospatzea proposatu zuen PSE-EErenak. EAJrenak, transferitu gabe dauden eskumenak betetzeko eskatu zuen, eta erabakitzeko eskubidea zein Espainiako Estatuarekin ituna egiteko hautua defendatu zuen. EH Bildurenak, eredu politiko berri bat ekarriko duen ziklo berrri bat aldarrikatu zuen, nazio errekonozimendua eta erabakitzeko eskubidea oinarri izango lukeena.


PSE-EEren proposamena bere alderdiko bi zinegotziek soilik babestu zuten, eta beraz, mozioak ez zuen aurrera egin. EH Bildurenak eta EAJrenak, berriz, aurrera egiteko nahikoa babes jaso zuten: aldeko bederatzina boto. Nork bere taldearen eta Usansolo Herriaren zein Podemosen beste hiru aldeko botoekin onartu ziren bi mozioak.