Igo
  • 2020/10/06

Aurten ez da egingo Galdakaoko ohiko San Silbestre lasterketa

Galdakaon egin ohi den Gabon Zahar Zirkuituaren 51. edizioa bertan behera geratu da.


Egun bizitzen ari garen garaian, eskuin-ezker zabaltzen dira Covid-19ren pandemiak eragindako albiste txarrak, bai maila ekonomikoan, sozialean nahiz kirol eta kultura mailan. Oraingo honetan, mende erditik gorako ibilbidea egina duen Iberiar Penintsulako San Silbestre lasterketarik zaharrena bertan behera geratuko dela jakinarazi behar dugu.


Duela 20 bat urtez geroztik lasterketa antolatzen duen Ramon Ramirez Galdakao Atletismo Taldeko presidenteak argi utzi ditu erabakiaren arrazoiak: "Abendura arteko lasterketa guztiak bertan behera gelditu dira eta ez dirudi pandemiaren bilakaerak hobera egingo duenik. Ez genuen bermatua Galdakaoko San Silbestre lasterketan ohiko maila altuko atletak biltzeko aukera eta, ondorioz, ez du merezi proba hau antolatzeak dakarren esfortzu ekonomikoa eta denbora-ahalegina egitea".


Urterik urte, hilabetetako lana egin behar da proba jokatu aurretik. Babesleak eta publizitatea bilatzea, ordezkariekin harremanetan jartzea, Afrikako herrialdeetatik etorri ohi diren atletentzako bisak kudeatzea edota beharrezko materiala aldez aurretik erostea erakundeak nekez beregana dezakeen inbertsioa da, batez ere kontuan izanda ez dagoela bermatuta osasun-egoerak proba egitea edo aurreko urteetako korrikalarien mailari eustea ahalbidetuko duenik.


50 edizio jokatuta


Galdakaoko Gabon Zahar Zirkuitua, Ramon Gil Zabala Memoriala izenaz ere ezagutzen dena lasterketa honen laguntzaile bikaina zenaren omenez, egutegian dagoen probarik garrantzitsuenetakoa da.


Abenduaren 31n antolatzen da 1961az geroztik, eta gogoan izan behar da garai hartan ez zela antzeko probarik jokatzen urteko azken egunean, ez Bizkaian, ezta Euskal Herrian ezta Estatu osoan ere. Ondoz ondoko hiru urtez jokatu zen 1973ra arte, eta geroztik ez du behin ere huts egin, guztira 50 edizio antolatu direlarik. Baina zoritxarrez, mundu osoa astindu duen Covid-19aren pandemiak tradizioa eten du.


Urtero, Marokotik, Kenyatik, Etiopiatik eta beste hainbat herrialdetatik etorritako munduko atletarik onenetako batzuek Galdakao aukeratzen dute arrazoi askorengatik: jasotako tratu ona, zaleek eragindako giroa edota probaren maila eta ospea, besteak beste.


Parekorik ez duen lasterketa


Hasieran, lasterketa herritik kanpo antolatzen zen, zuziekin argiztatuta, baina 1973az geroztik, Gabon Zahar Zirkuitua Galdakaoko hirigunean jokatzen da (egun, Zamakoa eta Juan Bautista Uriarte inguruetan), eta horrek, Ramón Ramírezen hitzetan, erakargarritasun berezia dauka: "jendeak izugarren gozatzen du lasterketan korrikalariak hainbat aldiz ikusteaz, izan ere, hori ez da batere ohikoa zirkuitu luzeagoak dituzten beste proba batzuetan. Korrikalariak bertatik bertara ikusten dituzu etengabe, eta Galdakaoko erdialdean jokatzen denez, zaleek sortzen duten giroa aparta da".


Galdakaoko San Silbestre lasterketak badu guztiz proba aparta bihurtzen duen beste bereizgarri bat ere: kategorien arabera parte hartzeko aukera ematen die profesionalei zein zaletuei.


Proba antolatzen duten Galdakao Atletismo Taldeari eta Galdakaoko Udalari zein babesle eta zaletuei arraroa egingo zaie abenduaren 31ko arratsaldean San Silbestreko girorik ez egotea gure herriko kaleetan.


Espero dugu datorren urtean inoiz baino indartsuago itzultzea Galdakaoren kirol arloko ikur bihurtu den proba garrantzitsu hau.


Galdakaoko Gabon Zahar Zirkuituari buruzko informazio gehiago, webgune honetan:


https://www.sansilvestregaldakao.com