Igo
  • 2020/09/24

Aurrekontu parte hartzaileetarako prozedura onartu du udalbatzak, EAJ ez beste talde guztien babesarekin

Enplegu plana nabarmen areagotuko duela iragarri du Galdakaoko udal gobernuak. Bestetik, Usansolo Galdakaotik bereizita aipatzeari uzteko eskatuz PSEk eta atxiki gabeko zinegotziak aurkeztutako mozioak ez du aurrera egin.


Astelehenean abiatuko diren informazio asanbladekin jarriko dira martxan datorren urterako aurrekontu parte hartzaileak. EH Bilduk, Auzoak eta Usansolo Herria plataformek eta Podemosek osatzen duten udal gobernuak osoko bilkuran aurkeztu dute prozedura, eta gobernu taldeko kideen babesarekin ez ezik, PSEren bi botoekin eta atxiki gabeko zinegotziarenarekin onartu da. Guztiek defendatu dute herritarren parte hartzea udal gaietan. EAJ izan da proposamena babestu ez duen talde bakarra: orain arte ez dutela nahi bezala parte hartzeko aukerarik izan salatuta, abstentziora jo du. Aurrekontuetatik milioi bat euro nora bideratu erabakiko dute aurten ere herritarrek. Nola parte hartu azaltzeko bandoa jarriko da bihar herrian, informazio mahaia larunbatean, eta astelehenean emango dira zehaztasun guztiak prentsaurreko batean zein lehen informazio asanbladan. Herritarrentzako asanblada ireki horiek astelehen, astearte eta asteazken arratsaldetan izango dira.



Egungo krisi egoerak herrian langabezia nabarmen handitu duela ohartarazi du Enplegurako zinegotziak. Horri aurre egiteko, urteroko enplegu plana handitu egingo duela iragarri du. 800.000 euro gehiago bideratuko dira horretara. Edozein kasutan, datorren hilabeteko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da proposamena.


Bestalde, udal langileen soldatak igo izana aho batez onartu du udalbatzak.


Eztabaida handiena eragin duen gaia Galdakao eta Usansolo hitzez bereiztearen ingurukoa izan da. PSEk eta atxiki gabeko zinegotziak mozio bat aurkeztu dute eskatuz udalak ez dezala "Galdakao eta Usansolo" adiera erabili. Batzuek berdintasunaren izenean eta besteek arauak betetzeko beharraren izenean, mozioa babestu dute oposizioko talde guztiek: proposamena egin dutenek eta EAJk. Udal gobernua osatzen duten lau taldeek normaltasunez hartzen den egoera batetik liskarra sortu nahi izatea leporatu diete mozioa defendatu dutenei. Usansolotarren nahiarekiko errespetua adierazi, eta atzera bota dute mozioa.