Igo
  • 2022/06/27

Aurrekontu parte hartzaileetako proposamenen artean aukeratzeko botoa eman daiteke gaurtik aurrera

Aurtengo aurrekontu parte hartzaileen prozesua bere azken faseetan sartzen ari da. Izan ere, ekainaren 27tik uztailaren 15era (biak barne) bozketa faseari hasiera emango zaio.


Urtarrilan hasitako prozesuak hainbat berrikuntza ekarri zituen, hala nola, jasotako proposamenak 2023 eta 2024 urteetan garatuko direla, erabaki.galdakao.eus parte hartze plataforma lehen aldiz erabili dela edo Galdakao eremuka banatu dela proposamenak auzo guztietara iritsiko direla bermatzeko. Herritarrekin batera erabaki da herria eremuka nola banatu, baita eremu bakoitzari esleitu beharreko aurrekontua ere. Zazpi eremu zehaztu dira eta “Galdakao osoa” izeneko zortzigarren eremu bat definitu da herri osoa hartzen duten proposamenetarako. Beste berrikuntza garrantzitsu bat da gastuak bi multzotan sailkatu direla. Hau da, aurrekontuaren %35a, gehienez, inbertsioak egitera bideratuko da eta %65a zerbitzu, programa edo jarduera berrietara. Azken multzo honetako proposamenei dagokienez, Udalak konpromisoa hartu du boto gehien jasotzen dituzten proposamenak abian jarri, ebaluatu eta etorkizunean horiei eusti ala ez erabakitzeko.


Prozesu honetara bideratuko den aurrekontua milioi bat eurokoa da urteko. Hau da milioi bat 2023rako eta beste bat 2024rako.


Proposamenak jasotzeko fasean 232 proposamen jaso dira. Gehienak (%42) erabaki.gadakao.eus plataformaren bidez jaso dira. Azpimarratu behar da lehen aldiz erabili dela plataforma hau parte hartze prozesu batean eta oso harrera ona izan duela. Gaur egun plataformak 1.024 pertsona ditu erregistratuta. Plataforma, ordea, ez da proposamenak jasotzeko bide bakarra izan. Antolatu diren batzarretatik (irekiak edo adinekoen zentroetan egindakoak) ere hainbat proposamen jaso dira, %38a hain zuzen. Azkenik, Haurren Kontseilutik edo Topaguneetatik ere haur eta gaztetxoen proposamenak jaso dira (%18).


Maiatzaren 2tik 17ra jasotako baliozko proposamenen artean 64 aukeratu ziren “babesen fasea” izeneko aldian. Galdakaoko 16 urtetik gorako auzokideek gogokoen zituzen proposamenei haien babesa eman zieten (gutxienez 3 proposamen babestu behar zituzten, eta gehienez 25).
Babesak erabaki.galdakao.eus-en, herriko hainbat tokitan jarritako kutxatiletan edo adinekoen zentroetan egindako bileretan eman ahal izan ziren. Guztira 3.985 babes jaso dira.


Inbertsioetara aurrekontuaren % 35 eta zerbitzu, jarduera eta programetara % 65 bideratuko dela kontuan hartuta, balorazio teknikoaren fasera pasatu dira gehien babestutako 3 inbertsio proposamenak eta 5 zerbitzu, jarduera eta programa proposamenak. Hau da, eremu bakoitzeko 8 proposamen. Balorazio teknikoaren ondoren bozketarako onartutako proposamenen kostuen batuketa ez bada iritsi inbertsioetarako eta zerbitzuetarako bideratutako aurrekontuaren halako 1,5era, proposamen berriak gehitu dira balorazioari, babesen urrenkerari jarraiki, zenbateko horretara iritsi arte.


Azkenik, bozketa fasera 55 proposapen pasatu dira. Botaketa gaur, ekainak 27, hasi eta uztailaren 15ean amaituko da.
Herritarrek eremu bakoitzean gauzatuko diren proiektuak aukeratu ahal izango dituzte. 16 urte edo gehiago dituzten eta Galdakaon erroldatuta dauden pertsonek eman ahalko dute botoa. 3 proposamen bozkatu beharko dira bozketa baliozkoa izateko. Botoa edozein eremutako proposamenei eman ahal zaie.


Bozketa fasea itxi ondoren eremu bakoitzean boto gehien jaso dituzten proposamenak aukeratuko dira, aurrekontua agortu arte, horiek gauzatzeko 2023 eta 2024an zehar. 


Hainbat modu daude botoak emateko: erabaki.galdakao.eus plataformaren bidez, adinekoen zentroetan egingo diren batzarretan, edo Torrezabalen, Aperribaiko liburutegian, Usansoloko liburutegian, Udaletxean edo ESAN bulegoan jarriko diren kutxatiletan botoak sartuz. Botoa emateko Galdakaon erroldatuta egon eta 16  urte edo gehiago izan behar dira.