Igo
  • 2021/07/08

Aurrekontu parte hartzaileetako 12 aukeren artean bozkatu ahalko dute galdakoztarrek astelehenetik hilaren 25era bitartean

Galdakao seguruagoa eraikitzea, arnasgune berde bihurtzea, auzoetarako sarbideak hobetzea, espazio ludikoak, mugikortasuna eta Ibaizabal ingurua. Kulturarako lokalak, herria ezagutzeko ibilbideak, adinekoentzako nutrizio arreta zerbitzua, Arantzelai, denetariko jardueretarako espazio estalia eta adinekoentzako ariketa egiteko aparatuak. 12 proposamen horien artean aukeratzeko botoa eman ahalko dute, astelehenetik aurrera, 16 urtetik gorako galdakoztarrek.


Prozesu luze baten ostean datoz 2022ko kontuetan txertatzeko proposamenak. Aurreko aldietan bezala milioi bat euro zerbara bideratu erabakiko dute herritarrek, baina aurten, proposamenak landu eta osatuago egongo dira, parte hartze prozesua sakonagoa izan baita aurten: Aurreko bi aldietan herritarrek proposatu zituzten eta aurrera egin ez duten ideiak hartu dira oinarri aurten: 618 proposamen. Udal ordezkari, teknikari eta herritarrek osatutako talde eragileak ekarpen guzti horiek jaso bateratu, bideragarri ez zirenak baztertu, eta 25 proposamen aurkeztu zituen. Ondoren, parte hartzerako egin den prozesuan, 12 proposamenetan batu dituzte gaikako asanbladatan eta laguntza teknikoarekin, eta horien artean aukeratu beharko dute orain herritarrek.


Bai talde eragilean eta bai egitasmoak lantzeko asanbladatan parte hartu duten herritarrei eskerrak eman nahi dizkie Udalak; herri osoak eskertzeko moduko lana egin dute bere denbora eta lana herria hobetzeko aukerak aztertu eta landuta. "Elkarlan horri esker, herriaren ezagutza sakona eta udal profesionalen ezagutza teknikoa batu ahal izan dira", eskertu du Maite Arandia Ogasun zinegotziak. 51 pertsonek parte hartu dute proiektuak lantzeko batzarretan.


Honakoak dira bozkatu ahalko diren egitasmoak:


1- Galdakao seguruagoa eraiki: Herriko segurtasuna handitzeko, argiztapena, espaloien egoera, oinezkoentzako pasabideetako ikuspena, espaloietako beheraguneak etabar berrikusi eta hobetzea proposatzen da. Jardun beharreko hainbat gune zehatz batzen ditu egitasmoak, besteak beste, San Ignacio-Lapurdi-Berezikoetxe parkea, N-634 errepidearen Bengoetxeko lurpeko pasabidea, Bengoetxeko elizaren aurreko aparkalekua eta inguruko tunela, Olabarri auzoko autobus geltokirako bidea, Olabarrietako 59 zenbakiaren eta zentral elektrikoaren arteko eremua, Bizkai kalea, Elexaldeko igoera, Askarritik zein Uraskatik Olabarrirako bideak, Galloko bidegurutzea, eta Elexalde.


2- Galdakao arnasgune berde bihurtzea: Parkeen egoera aztertzea proposaatzen da, garbiketa automatikoko komun eta iturriak jartzea parke guztietan, instalazioak berrikustea, kriol aparatuen erabilerarako begiraleak jartzea, berdeguneak sustatzea eta beste.


3- Olabarriko eta inguruko auzoetako sarbideak hobetzea: Olabarri eta beste auzo batzuen arteko oinezkoen joan-etorri segurua eta irisgarria erraztea eta mugikortasuna hobetzea du helburu. Horretarako, N-634 errepide ondoko espaloia zabaltzea eta auzo-bide tradizionalak berreskuratzea proposatzen da, esaterako.


4- Olabarrietako orubea espazio ludiko gisa berreskuratzea: Olabarrieta, Aperribai, Bengoetxe eta Txistulanda auzoetarako espazio bat berreskuratzea da helburua, eta espazio hori erabilera anitzeko eremu gisa berrerabiltzea proposatzen da, elkarren artean bateragarriak diren erabilerekin: kirol kantxak, kultura jardueretarako espazioa (kontzertuak, ikuskizunak, kaleko antzerkia).


5- Barne mugikortasuna hobetzea ibilgailu jasangarriagoak erabiliz: Batez ere bizikletaren erabilera sustatzeko egitasmoa da; herri barruko bidegorri sare bat proposatzen du, esaterako, eta bizikletak gordetzeko lekuak.


6- Ibaizabal ingurua berreskuratzea, bai komunikazio bide gisa, bai erabilera ludiko eta turistikorako: Hiri mugikortasun jasangarria hobetzeko helburua du, Ibaizabalekin eta herriaren kultura ondarearekin lotuz. Besteak beste bizikleten erabilera du jomuga, baita ere.


7- Kulturarako lokalak: Herriko hainbat tokitan lokalak erostea proposatzen da, jarduera batzuetarako lokal gisa gaitzeko, hala nola tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, ikasteko gelak, sukaldea, etab.


8- 'Galdakao ezagutu' proiektua: Herritarren artean Galdakaoren ezagutza sustatzea eta nortasuna sortzea du helburu, bai eta kanpoko jendeari herria ezagutaraztea ere. Ibilbideak, ate irekien jaialdi bat eta erromesen aterpetxe bat aipatzen ditu, adibidez.


9- Adinekoentzako etxez etxeko nutrizio arretarako zerbitzua: Etxez etxeko janari zerbitzu bat sortzeko egitasmoa da, adinekoen jarraipena eta nutrizio laguntza egiteko. Zerbitzua 65 urtetik gorakoei zuzenduta legoke.


10- Arantzelai ingurua egokitzea: Presaren inguruan aisialdirako gune bat sortzeko bainugela publiko irisgarriak eta zakarrontziak jartzea proposatzen du, ibilbidea pixka bat egokitzea eta argiztatzea.


11- Aire zabaleko espazio estalia, jolas, kultura edo kirol jarduerak egiteko: Estalitako eremu bat eskatzen du aukera honek, eta ez nahitaez karpa gisara. Eremu jakin bat estaltzeko edo lehendik dagoen azpiegitura bat erabiltzeko aukerak (industria pabiloi bat izan daiteke) mahai gaineratzen ditu, etxebizitzek gehiegi mugatzen ez duten eremua izan behar lukeela zehaztuta (jarduerak bizilagunei enbarazu egin ez diezaien).


12- Adinekoentzako ariketa fisikoa egiteko aparatuak, herrian zehar doan ibilbide sare batean integratuta: Alde batetik, Bengoetxeko ariketeta aparatuen eremua hobetzea proposatzen da, eta xake mahaiekin, pin pon eta abarrekin osatzea, Tximiolarran, Txistulandan, Aperribain eta Plazakoetxen horrelako eremuak jartzea. Bestalde, ezartzen diren eremuak oinezko ibilbide sare batean integratzea proposatzen da.


Herritarrek 12 egitasmo horien artean aukeratu ahal izango dute, astelehenean hasi eta uztailaren 25a bitartean botoa emanda. Hiru proiekturen aldeko botoa eman ahalko du bakoitzak, www.galdakao.eus webgunearen bidez edo udal egoitzetan eta beste hainbat gunetan jarriko diren hautetsontzietan.


Herritarrek etxean jasoko dute proiektu bakoitzaren zehaztasunak jasotzen dituen eskuorria, botoa eman aurretik egitasmo bakoitza aztertu eta beharrezko hausnarketa egiteko tartea izan dezaten. Orain arte aurrekontu parte hartzaileetan aukeratu diren egitasmoen egoera ere zehaztuko da bertan. Olaia Parra Parte Hartzerako zinegotziak azaldu duenez, datorren astean jasoko da etxeetako buzoietan eskuorria, eta, azken orria, gainera, botoa emateko prestatuta egongo da. Orri hori moztu, bete, eta hautetsontzietan sartu ahal izango da zuzenean.


Ahalik eta erraztasun gehien emateko helburuz, botoa emateko epea nabarmen zabaldu da: bi aste egogno dira hautua egoteko. Hautetsontziak ere, inoiz baino leku gehiagotan egongo dira: Udalaren egoitzetan, hainbat auzo elkarteren lokaletan, eta horietarako aukerarik ez dagoen zenbait auzotan ere, bertara joango gara hautetsontziak hartuta, bertako auzokideek botoa emateko aukera izan dezaten. Hona hautetsontzien leku eta egunak:


▶️ Udal lokalak:


- Udaletxea, Torrezabal, Urretako eta Unkinako kiroldegiak, Esan, Txapelena eta Aperribaiko liburutegia: zerbitzuko ohiko ordutegietan.


▶️ Auzokide elkarteen lokalak:


- Bengoetxe: uztailak 15, 19:00-20:30


- Aperribai: uztailak 19, 18:00-20:00


- Bitsi: uztailak 21, 19:00-20:30


- Bekeako eskola: uztailak 16, 09:30-11:00


▶️ Auzoak:


- Arkotxa (San Vicente elizaren parean): uztailak 21, 10:00-11:00


- Erletxe (elizaren ondoko aparkalekuan): uztailak 21, 11:30-12:30


- Elexalde: uztailak 21, 13:00-14:00


- Altamira (bidegurutzean): uztailak 22, 10:00-11:00


- Arteta (San Anton Txikerra baselizan): uztailak 22, 11:30-12:30


----


👇 BOZKETA FASERAKO PROPOSAMENAK

Proiektuak dokumentu honetan irakurri (pdf)