Igo
  • 2020/05/08

Aurreko asteburuko emaitza ikusita, udalak aldaketak aurreikusi ditu herriko kaleak oinezkoentzat egiteko orduan

Udalak erabaki du aldaketa batzuk egitea kaleak oinezkoentzat bihurtzeko egitasmoan. Lehengo asteburuan ibiltzeko leku gehiago egon zedin eta gutxieneko distantziak mantentzea ahalbidetzeko hartu ziren erabakiak baloratuta, gobernuak erabaki du Muguru eta  Zamakoa kaleak, eta Laminarrieta eta Olabarrieta bideak oinezkoentzako bihurtzea. Gainera, Meatzetako ibilbidea norabide bakarrekoa izango da.


Aurreko zapatuan eta domekan kale batzuk oinezkoentzako bihurtu ostean, maiatzaren 4an eta 6an egindako balorazioetan hurrengo ondorioak atera  ziren: Olabarrieta bidea eta Muguru kalea peatonalizatzea arrakastatsua izan zen; eta, aldiz, Usansoloko Ibaiondo kalea eta Galdakaoko Gipuzkoa kalea peatonalizatzeak ez zuen arrakastarik izan.


Ondorioz, eta talde politikoen ordezkariekin hitz egin ondoren, asteburu honetan Zamakoa kalea eta Laminarrieta bidea oinezkoentzako gaitzea pentsatu da. Horrela, Muguru eta Zamakoa kaleak, eta Laminarrieta eta Olabarrieta bideak oinezkoentzako gaituko dira.


Azkenik, Meatzetako ibilbidea norabide bakarrekoa izango da. Horrela, oinezkoak ez dira beraien artean gurutzatuko


Bihar larunbata egingo da aldaketa, eta etzi ere hala mantenduko da. Aurrerantzean, astebururo errepikatuko da neurria, orduan izaten baitira jende pilaketak sortzeko arrisku handienak. Konfinamendua malgutzeko aldiak indarrean dauden asteburuetan egongo dira gune horiek oinezkoentzako bihurtuta, hau da,  maiatzeko eta ekaineko asteburuetan, aldatzeko premiarik sortzen ez bada.


Galdakaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie, beste behin, herritarrei zein herriko eragileei erakusten ari diren jarreragatik, arduraz aritzeko eskatzen die guztiei, eta zabaltzen ari diren aukera txiki bakoitzekin gozatzeko ere bai.


Gutxiago falta da! Denon artean lortuko dugu!