Igo
  • 2021/05/06

Astelehenean hasiko da Galdakaoko Musika Eskolan 2021/2022 ikasturterako matrikulatzeko epea

Galdakaoko Máximo Moreno Udal Musika Eskolak 2021 / 2022 ikasturterako matrikulatzeko epea maiatzaren 10ean, astelehenean, zabalduko du.


Dagoeneko ikasle direnek zein ikasle berriek maiatzaren 28ra arte egin ahal izango dute matrikula, bai aurrez aurre, Urreta 21 helbidean dagoen eskolan bertan, bai telematikoki (https://www.galdakao.eus/musika-eskola/). Aurrez aurre egiteko ordutegia, astelehenen eta ostegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da, eta astearte, asteazken eta ostiraletan, 09:00etatik 14:00etara.


Udal Musika Eskolak 4 maila eskaintzen ditu, musikarekin lehen harremana izateko mailan hasi, eta hobekuntzarako mailara arte. Adinari dagokionez, matrikularen urte naturalean 5 urte betetzen dituztenetik aurrerako ikasleak sartu ahal izango dira.


Gainera, Máximo Moreno Musika Eskolak, 14 urtetik gorakoentzako edo II. maila gaindituta dutenentzako tailerrak eskaintzen ditu, eta errefortzu eskolak erregimen arautura (kontserbatorioa) sarbidea egiteko probak gainditu nahi dituztenentzat. Abesbatzarako aukera ere eskaintzen du Musika Eskolak, eta hezkuntza bereziko musika gela ere bai. Prestakuntza eskaintza guztia, instrumentuak barne, https://www.galdakao.eus/musika-eskola/ web orrian kontsulta daiteke.


Usansolon ere aurrez aurreko eskolak eskainiko dira. Interesa dutenek zentroan bertan, 94 601 04 55 telefonora deituta edo musikaeskola@galdakao.eus helbide elektronikoan jaso dezakete informazioa.