Igo
  • 2020/03/11

Aperribaiko lehen igogailua eta arrapala ekaina hasierarako egongo dira martxan

Aperribaiko anbulatorioa eta frontoiaren ingurua lotuko dituen igogailua egiteko lanak martxa onean ari dira. Baita igogailu hori eta goragokoa lotuko dituen arrapala egitekoak ere. Maiatza amaieran edo ekaina hasieran amaituta egongo direla aurreikusten da. Horiek izango dira Aperribaiko irisgarritasun arazoak arintzeko helburuarekin udalak abiatutako proiektu handitik lehengo amaituko diren lanak.


Aperribai kaleko 34 eta 46 zenbakien arteko igogailua ere epe bererako martxan egotea aurreikusten zen, baina lanek beste hilabete bat beharko dute. Igogailua eraiki ahal izateko zuloa egiterakoan, lurrazpiko ur-hodiak aldatu beharra dagoela konturatu dira beharginak, eta hala egitea erabaki du udalak; hodi berriak jarriko ditu. Hori dela eta, aurreikusi baino hilabete beranduago, uztaila hasieran, espero da martxan egotea bigarren igogailu hori.


Ondoren egingo dira gainontzeko hiru igogailuak: Galdakaorako errepide nagusitik anbulatoriora artekoa, auzoaren goialdera iritsiko dena eta Aperribaiko eskola publikoaren ondoan egongo dena.