Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Antzerkia, musika, performanceak eta Torrezabal barrutik bizitzeko esperientziak bihartik aurrera; hasi da programazio berria

Kultura   2023/01/27

Altxor txiki eta handiak erakusteko prest dugu, beste behin, Torrezabal Kultur Etxea. Mota eta segmentu guztiei zuzendutako askotariko programazioarekin hasiko du 2023ko denboraldia,  diziplina, formatu eta eduki anitzez josia dagoen eskaintza prestatu baitu, mimoz. 

17 ikuskizunek osatzen dute ekainara arteko programazioa eta horietatik 5 familientzat dira: Mar Mar Teatroaren ‘Arrainak bihotzean’ txotxongiloek beldurren gaia jorratuko dute, adibidez, eta Benetan Be teatro konpainiaren ‘Batetik bestera’ lanak hegaztien eta gizakien migrazioak landuko ditu.

Marie de Johng eta Doos Colectivoren ‘Esna’ dantza-teatroa ere izango dugu; magia, Hodei magoarekin; zirkoa eta musika Gran Rufusekin eta Da Capo bandarekin. Haur txikientzat, Bajau obra bisual, poetikoa. Eta gaztetxoentzat, aurkezpenik behar ez duen Goazen.

Zabala da helduentzako prestatutako eskaintza ere, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz: Aipatzekoa da Mireia Gabilondo eta Aitziber Garmendia biltzen dituen ‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ komedia. ‘En palabras de jo… Mujercitas”, Mujercitas obraren berrinterpretazio feminista da, Lola Blascoren eskutik egina eta Pepa Ganboaren zuzendaritzapean. Clara Sanchís buru duen 6 aktoreen zerrenda du. Emakumeak dira enarak ere, urtero beren etxeak uzten zituztenak abarketak lantzeko. Istorio hau kontatzen digu Anne Etchegoyen abeslariaren dokumental batek eta kontzertu labur batek osatzen duten Ainarak ikuskizunak.

Performanceak ere izango du lekua Torrezabalen, ‘Lo único que verdaderamente quise toda la vida es ser delgada’ Esther F. Carrodeguas galiziar aktore, zuzendari, perfomer eta idazlearen (ez)autofikziozko lanarekin.

Errealitateari lotutako beste ikuskizun batzuk ere izango ditugu. Zaldibarko zabortegia ekarriko dute gogora Artedrama eta Axut!-ek ‘Hondamendia’ ikuskizunean, eta Ados teatroaren ‘Muchos amigos negos’ komediak gizartean dagoen arrazakeria agerian utziko du. Goitibera teatroaren bi pieza laburrak ere talde honetan kokatzen dira: ‘Amatxik dixit’, memoria historikoari buruzko lan saritua da, eta ‘Zuri’, kartzelari buruzkoa. Gaizka Chamizo aktore galdakoztarra ikusiko dugu antzezle lanetan.

Bestetik, K produciones eta Tanttakaren ‘El nadador de aguas abiertas’ nork bere mugak gainditzeari buruz arituko da, Da capo Galdakaoko Musika Bandak ‘Besteen Begiradak’ lana eskainiko du eta Juan Perro ere etorriko da zuzeneko kontzertu, melodia, istorio eta poesiarekin.

Egiazki, gaur hastekoa zen programazioa Joseba Sarrionaindia eta Ines Osinagaren ‘Katuen Kontuak’ emanaldiarekin, baina, azken uneko arazo batzuk medio, atzeratu egin da ikuskizuna.

Torrezabal BIZI esperientzia

Hurbilagoko lanketa sakontzen ere jarraituko du Torrezabalek. Programazioa publikoari hurbildu nahi dio, Torrezabali bizia eman, espazio atsegin bihurtu, artistak eta publikoak eskuzabal hartu, topaketarako uneak sortu, ikusleen iritzia ezagutu, antzerkiaren barrunbeak erakutsi. Aurten, esperientzia artistikoa lantzen jarraituko dugu, beraz, hainbat modutan:

  • Ikusleen tailerra

Arte eszenikoak zer diren eta zein lanbide biltzen dituzten pixka bat gehiago ezagutzeko jarduera sorta da, ikuskizunez gehiago gozatzeko modu bat. Pako Revueltas aktore eta zuzendari galdakoztarrak koordinatutako eta dinamizatutako jarduerak dira: antzokietara bisitak, ikuskizunak ikustea, profesionalekin hitzaldiak, sormen prozesuak, solasaldiak...
Parte hartzea librea da eta jarduera guztietarako edo batzuetarako eman daiteke izena, norbere datuekin email bat bidaliz torrezabal@galdakao.eus helbidera.

  • Torrezabal Kluba

Joan den udazkenean hasi zen modu informalean, haurrek arte eszenikoak osatzen dituzten lanbide desberdinak gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten, eta tailer talde batek haurrentzako ikuskizun batean aretozain lanak ere egin zituen. Esperientzia oso polita izan zen: taldeak teknikariak eta leihatilako langileak ezagutu zituen, konpainia, besaulkien egoera eta ikuskizuna eta ondorengo solasaldia ere aurkeztu zituen. Esperientzia errepikatu, taldea handitu eta aurten familia publikoaren ikuskizun guztietan egitea proposatzen dugu.
Jarduera bizia da, ideia berriekin aldi bakoitzean. Aurten, adin txikiko haurrek eman dute izena eta dekoratzaileen lanbidea erakusteko jarduera bat diseinatu dugu. Pixkanaka ari gara, maitasunez.
Parte hartzea librea da eta jarduera guztietan edo batzuetan parte har daiteke, norbere datuekin email bat bidaliz torrezabal@galdakao.eus helbidera.

  • Jarduera osagarriak

Solasaldiak, tailerrak, girotzea... Ikuslea Torrezabalera etortzen den bakoitzean esperientzia berezia izan dezan saiatuko gara, eta, horretarako, ezustekoren bat edo beste prestatuko dugu. Torrezabal sorpresaz beteta dago. Eta etengabe hobetzeko asmoz, ikusleen iritzia ere jasoko dugu emanaldi bakoitzaren amaieran; horretarako pantaila eta liburu bat jarriko ditugu ikuskizunak amaitzean.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie guzti hori posible egiten duten pertsona guztiei: artistak, programatzailea, teknikariak eta gainerako langileak, publikoa... eta batez ere bazkideei, konfiantza osoa ematen diguten horiei. Hain zuzen, konfiantza hori eskertzeko, haiek izaten dira lehenak denboraldi bakoitzean sarrerak erosteko eta jarduerei buruzko informazioa jasotzeko aukera dutenak.

TORREZABAL KULTUR ETXEKO PROGRAMAZIOA