Igo
  • 2021/05/18

Antzerki topaketa, marrazki eta Booktuber lehiaketetako sari banaketa eta "Gu ere bertsotan" eta "Ahozkotasuna" topaketak, Galdakaoko ikasleen artean euskara sustatzeko ikasturte amaierako jarduerak

Galdakaoko Udaleko Hezkuntza eta Euskara Arloak, udalerriko ikastetxe batzuekin elkarlanean, euskararen sustapenarekin eta normalizazioarekin lotutako hainbat jarduera antolatu ditu datozen asteetarako.

Guztira, Elexalde BHIko, Bengoetxe BHIko eta Eguzkibegi ikastolako 1.500 ikasle inguruk parte hartuko dute maiatzaren 26tik ekainaren 7ra bitartean egingo diren honako jarduera hauetan:

Galdakaoko XII. antzerki topaketa

📆 Maiatzaren 26, 27 eta 28an Torrezabal Kultur Etxean

Topaketa honetan ikasturtean zehar egindako antzerkigintza tailerrean ikasitakoa praktikan jarriko da. Bertan, adierazkortasuna, mugimendua, dantza, erritmoa, sentimendua, berdintasuna, idazketa, ahoskera, euskara eta beste hainbat kontzeptu landu dira.

Booktuber eta marrazki lehiaketa (sari banaketa ekitaldia)

📆 Maiatzaren 31n Torrezabal Kultur Etxean

Jarduera hauen xederik nagusiena DBHko ikasleen irakurzaletasuna eta sormena sustatzea da, baita euskararen normalizazioan hezkuntza zentroen arteko lankidetza ere.

Gu ere bertsotan topaketa (amaierako ekitaldia)

📆 Ekainaren 4an (online)

Bizkaiko Bertsolari Elkartearen ekimena, ikasleen artean sormena eta parte hartzea sustatuz komunikazio gaitasuna hobetzea helburu duena.

Ahozkotasuna topaketa (amaierako ekitaldia)

📆 Ekainaren 7an hezkuntza zentroetan bertan.

Halaber, Bertsolari Elkartearen gidaritzapean, ikasleek ikasgelan prestatutako azken ekoizpenak jendaurrean argitara emango dituzte.

Iaz ez bezala, ikasturtearen amaierako jarduera horietako batzuk aurrez aurreko formatuan egingo dira, betiere indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak errespetatuz.