Igo
  • 2022/05/26

Antolaketa ordenatzeko neurriak eta LGTBI-fobiaren aurkako adierazpena onartu ditu udalbatzarrak

Antolaketari eta eguneratzeei lotutakoak dira udalbatzarrak gaur hartu dituen erabaki gehienak. Homofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako adierazpen instituzionala ere onartu da.

Honakoak dira maiatzeko ohiko osoko bilkurak hartu dituen erabakiak:

  • Musika Eskolako lanpostuen zerrenda moldatzea erabaki da, egungo baldintza, egoera eta eskaintzara egokituta. Eskolako zuzendaritzaren adostasunarekin eta ordezkari sindikalekin negoziatuta egin da proposamena, antolaketa egokia lortu nahian eta egonkortasunerako urratsa egin nahian. Udal gobernua osatzen duten EH Bildu (6), Auzoak (3), Usansolo Herria (2) eta Podemosen (1) aldeko 12 botoekin onartu da erabakia, eta oposizioko 8 abstentzioekin (EAJren 5, PSE-EEren 2 eta atxiki gabeko zinegotzi 1). Honakoak dira aldaketak: 
    -  Saxofoi irakaslearen lanaldia, biolontxelo irakaslearena eta baxu elektrikoarena %50 izatetik %30ekoa izatera igaroko dira, ez baitago lanaldiak betetzeko adina eskaerarik. 
     - Solfeoa/musika-hizkuntza lanpostu bat piano irakasle postu bihurtu da, lan hori egiten zuen arren izendapena eguneratu gabe zegoelako.
    -  ‘Solfeo’ izendapena ‘musika-hizkuntza’ bihurtu da, egungo ikasketa planetako izendapenetara egokitzeko.
    - Trikitixa irakasleari dagokion sailkapena egokitzea. A2 sailkapena zuen orain arte eta C1 izango du orain, lanpostuak behar duen titulaziora egokitzeko.
     
  • Gizarte Ekintzako diru-laguntzak banatzeko sistema egokitu da, akats bat zuzentzeko: laguntzetarako 37.000 euroak konkurrentzia bidez banatuko zirela jasoa zegoen, baina horitetik 16.000 euro lehia horren bidez banatzekoak dira eta gainontzeko 21.000 euroak nominalki. Okerra zuzendu da. Era berean, Lamintxu elkarteak uko egin dio jaiak antolatzeko 4.500 euroko diru-laguntzari eta UJABA Usansoloko Jai Batzordeak hartu du beregain erantzukizun hori. Bi gai horiek onartu dira EH Bilduren, Auzoak-en, Usansolo Herriaren, Podemosen, EAJren eta PSE-EEren aldeko 19 botoekin eta atxiki gabeko zinegotziaren kontrako botoarekin.
     
  • 2021ean gastatu ziren eta fakturak 2022an jaso diren eragiketen gastuak ordaintzeko erabakia hartu da, aho batez. 
     
  • Papera eta kartoia biltzeko eta garraiatzeko zerbitzua eta hiri hondakin solidoak zabortegi kontrolatura eramateko zerbitzua urtebetez luzatzea erabaki da, aho batez.
     
  • Itzagako lur zati baten (S-IZ1 sektoreko SZI-W.2 eremuaren) xehetasun azterlana aldatzea onartu da. Aurretiazko onarpenak eginda zeuden dagoeneko eta azken tramitea izan da. Enpresa batek Itzagako industriagunean bi nabe eraikitzeko baimenari dagokio. Aho batez onartu da.
     
  • Homofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako eguna maiatzaren 17an izan zela eta, adierazpen instituzionala onartu da. PSE-EEk aurkeztu duen mozioaren aurrean Eusko Legebiltzarrak onartutakoa proposatu du EAJk, eta hori onartu da, aho batez.

LGTBIfobia adierazpen instituzionala