Igo
  • 2021/12/06

Andra Mari dantza taldeak Galdakaoko ondarea erakutsi du Soka-Dantzaren bitartez

Andra Mari dantza taldeak, Galdakaoko Udalarekin elkarlanean, herriko ondarea erakutsiko du lau bideoko serie baten bidez. Bideoetan Andra Mariko dantzariak Soka-Dantzako hainbat zati dantzatzen agertzen dira herriko paraje eta ondare ezberdinetan, “Galdakaok dituen txoko eder ugariak erakusteko”, Unai Zabalak, Andra Mari dantza taldeko lehendakariak, adierazi duenez.

“Pandemiaren ondorioz taldearen mugimendua gutxitu izanak eta publikoaren aurrean dantzatzeko sortutako zailtasunek” eraman dute Andra Mari taldea “formatu aldaketa” hori egitera, Zabalak azaldu moduan.

Dantza erabakitzeko hainbat aukera atera zirela dio, “baina Bizkaiko dantza taldea izanik, Bizkaiko Soka-Dantza egitea erabaki genuen”.

Lau egun ezberdinetan emango ditu argitara Andra Marik bideoak, sare sozialetan; Youtube, Facebook eta Instagramen:

  • Gaur bertan, Desafioa erakusten duten bideoa argitaratuko dute.
  • Etzi, abenduaren 8an, Abarketak zatia.
  • Abenduaren 10ean, Aurreskua.
  • Eta abenduaren 12an, Atzeskua.

Azaldu dutenez, denbora asko daramate lanean, “prestatzen, dantzatzen eta editatzen”. Hori dela eta, udako irudi beroak ikusiko ditugu bideoetan, “garai hauetako egun hotz batean berotasun pixka bat transmititzeko”.