Igo
  • 2021/06/24

Amets Iturbe da, gaurtik aurrera, Gazteria, Kirola eta Jaietarako zinegotzi berria

Hiri Antolaketaren Plan Nagusia berrikustea, aparkalekuen kudeaketa hobetze aldera hiru parkinen jabari emakidak etetea, ostalaritzako terrazen tasetan hobariak ezartzea, eta espazio publikoak mantendu eta konpontzeko kontratu berri bat egitea. Erabaki horiek hartu ditu, besteak beste, Galdakaoko udalbatzak, gaur arratsaldean egin den ekaineko saioan. Aho batez onartu dira ia akordio guztiak. Hona, banan bana, hartutako erabakiak.

Amets Iturbe Bustillo EH Bildu taldeko ordezkariak zinegotzi kargua hartu du. Ibon Garciak apirilean utzitako lekua beteko du, hemendik aurrera, Iturbek. Garcia bezala Aperribaikoa da, eta gaztea; 27 urte ditu. Gazteria, Kultura eta Jaietarako zinegotzia da Iturbe, gaurtik aurrera.

✅ Udalari dagozkion 2020ko kontuak aho batez onartu ditu udalbatzak.

Ostalaritzako terrazei dagozkien tasei hobariak ematea onartu da: ohiko terrazen lizentziei %100eko hobaria ematea, eta, beraz, horiek ordaindu behar ez izatea, eta terrazen ez-ohiko handipenen kasuan, %50ekoa izatea hobaria. Pandemiak ostalaritzan eragin dituen kalteak arintze aldera hartutako neurriak talde guztien babesa jaso du eta aho batez onartu da, aurrez neurria areagetzeko eskatuz EAJk aurkeztu duen mozioa atzera botata.

✅ Udalari dagokion Lanpostuen Zerrendan Udaltzaingoko ofizial postua sortzea eta Udaltzaingoko postuen izenak aldatzea erabaki da, Euskal Poliziari buruzko araudi berrira egokitzeko. Hauek izango dira izen berriak: ofizialordea, udaltzainen lehen agentea eta udaltzainen agentea. Gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemoseko 12 ordezkarien eta PSEko bien aldeko 14 botoekin onartu da neurria, eta EAJko 6 zinegotzien eta atxiki gabekoaren abstentzioekin.

Iturrondo, Paopa eta Lapurdiko lurrazpiko aparkalekuei dagokienean, jabari emakidak eteteko erabakia hartu da. Aparkalekuen kudeaketa hobea egitea eta autoak kaletik ateratzeko helburuz garajeak alokairuan jartzea da helburua. Aho batez onartu da neurria.

Espazio publikoak, hiri altzariak eta zentro publikoak mantendu, konpondu eta hobetzeko zerbitzua kontratatzea onetsi da. Kontratuak orain arte baino zerbitzu gehiago jasoko ditu eta 4 urterakoa izango da, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. Kontratua lizitatu egingo da. Aho batez onartu da akordioa.

✅  Hiri Antolaketaren Plan Nagusia berrikusteko lehen pausoa eman da, berrikuspena hasteko akordioa adostuta. 1995. urtekoa da indarrean dagoen Hiri Antolaketarako Plan Nagusia eta zortzi urteko iraupena zuen aurreikusita. Atxiki gabeko zinegotziaren abstentzioarekin eta gainontzeko 20 zinegotzien aldeko botoarekin onartu da akordioa.

✅ Ekainaren 28a LGTBI harrotasunaren nazioarteko eguna dela eta, adierazpen instituzionala irakurri eta aho batez onartu da.