Igo
  • 2020/02/11

Altsasuko Inauteri ezaguna nola berreskuratu zuen azalduko du Andra Mari Dantza Taldeak hitzaldi batean

Berrogei urteren ostean, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak Altsasuko inauteriaren inguruko hitzaldia eta dokumentalaren aurrerapena eskainiko du otsailaren 14an, inauteri ezagun hau ulertu eta zelan berreskuratu zuen azaltzeko.


Ohitura zaharrei dagokionez, Europako inauteririk zahar eta arkaikoenetariko bat zen Altsasuko inauteria, 1916. urtean azkenekoz egin zena Altsasun bertan. Ordea, 60 urtez desagertuta egon ostean, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak berreskuratu zuen 1976. urtean, ikerketa lan sakon baten ondorio. Honela izanda, Andra Mariko kideek 1982an Altsasuko inauteria bere osotasunean berriro interpretatzea lortu zuten.


Emaitza zoragarri eta historiko hura erakutsi eta bere jatorrira bueltatzeko asmoz, urte berean Andra Mari taldea Altsasura joan zen, bertako karnabala bertatik bertara altsasuarrei erakusteko. Inauterien helburuetariko bat kontzientziak piztea ere denez, galdakoztarrek Altsasuko gazteak zirikatu eta euren inauteri historiko bezain esanguratsua eurek be interpretatzea lortu zuten. Eta horrela bilakatu dira gaur egun hain ezagun bere garaian ezezagunak ziran Momotxorroak, esaterako, Altsasuko eta Galdakaoko herritarren arteko hartu emonari esker.


Berrogei urteren ostean, eta Andra Mari Dantza Taldearen 65. urteurreneko ekitaldien barne, alkarte galdakoztarrak berreskuratze lan horren berri emango du hitzaldi baten bitartez, baita Altsasuko inauteriaren sinbologia landu eta honen harira taldea prestatzen dabilen dokumental baten aurrerapena eman ere.


Hitzordua ostiral honetan izango da, otsailaren 14an, 19:00etan Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian. "Altsasu: normalizatutako inauteriak ulertzen" izeneko hitzaldia Oier Araolazak, Kepa Otaegik eta Mikel Zamalloak emango dute.