Igo
  • 2020/03/23

Alarma egoera dela eta langabezian geratu direnei Lanbidera jo behar dutela gogorarazten die udalak

Gutxieneko kotizazioa izan gabe ere langabezia saria jaso ahalko dutela gogorarazi die, eta eman beharreko pausuak azaldu dizkie.


Coronavirusaren eraginez hartzen ari diren neurri etengabe eta nahasgarrien aurrean, laburpen erraz hau helarazi nahi die Galdakaoko Udalak alarma egoera dela eta langabezian geratu diren herritarrei:


Enpresak kaleratu egin bazaitu, zure kontratua eten badu edo lanaldia murriztu badizu coronavirusaren eraginez ezarritako alarma egoeragatik, eskubide hauek dituzu:


✅Langabezia saria jasotzea alarma egoerak irauten duen bitartean, langabezia laguntza jasotzeko gutxieneko kotizaziorik ez baduzu ere. Ohiko langabezia sarian ez da murriztuko alarma egoeran jasotako dirulaguntza hori.


✅Eskubide bera izango duzu kooperatiba bateko edo lan-sozietate bateko bazkide bazara, baina, kasu horretan, enpresak egoera arrazoitu egin beharko du.


✅ Aldizkako lan kontratu finkoa baduzu, baldintza zehatzak aztertu beharko dira.


Dirulaguntza hori ez da berariaz eskatu beharko, enpresak aldi baterako enplegu erregulazio espedientea zein lanaldi murrizketa jakinarazten duenean SEPEk ofizioz tramitatuko duelako. Hona lotura: www.sepe.es/HomeSepe/eu/


Kontutan izan behar da guzti hori egin ahal izateko aurrez Lanbiden izen eman behar duzula lan eskatzaile gisara (https://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/bulegoetan-erabiltzaileari-arreta-emateko-salbuespenezko-neurriak-pertsonen-pilaketa-murrizteko/).


Lanbiden inoiz izen eman gabe bazaude eta lehen aldiz egin behar baduzu, korreo elektronikoz egin dezakezu helbide honetara idatzita: laneratze@lanbide.eus.


Enplegu eskaera berritu behar baduzu, Lanbidek egingo du automatikoki.