Igo
  • 2019/02/05

Ahozko lekukoen bidez jasotako “Industrializazioa Galdakaon” bideo dokumentala

Datorren zezeilaren 14an, 18:30ean, Gandasegin, "Industrializazioa Galdakaon" gaiari buruzko bideo dokumentala emongo da, Hezkuntza eta Euskara Zerbitzuak bultzaturik eta Labayru Fundazioak eginda. Emanaldia ikusteko sarrera librea da, aforoa bete arte (emanaldia euskaraz izango da, gaztelaniazko azpitituluakaz).


Bideo horretan, ahozko lekukoen bitartez, Galdakaok industriaren ikuspegitik izan dauen iragan hurbila berreskuratu nahi izan da, baserriko bizimodua, mundu industrialagaz eta zerbitzuen sektoreagaz batera bizi izan zala jasoz. "Industrializazioak herria moldatu dau aspektu guztietan: ekonomikoan, sozialean, urbanistikoan. Bideoa nagusiki enpresa bitan oinarritzen da: Dinamita eta Josefina. Enpresa biak XIX. mendearen amaieran sortu ziran eta, nazioarte mailako industria-taldekoak diran arren, jarraitzen dabe herriagaz lotura izaten", azpimarratu dau Errupin Jauregi, Hezkuntza eta Euskara arloko zinegotziak.


Otsailaren 14ko emanaldiaren ondoren, dokumentalean parte hartu daben pertsonei eskerrak emoteko ekitaldi txiki bat egongo da.


Gaur, martitzena, bideoaren aurrerapena aurkeztu da komunikabideen aurrean. Bertan Adolfo Arejita, Labayru Fundazioaren zuzendaria eta Euskaltzaindiako kidea (beste karguen artean) egon da, Igone Etxebarria, liburuaren eta bideoaren arduradunagaz batera. Aurkezpenean Igonek azaldu dau helburuak lortu arteko lana zelan garatu dan, hain zuzen be, lekukoek Galdakaoko sasoi historiko eta sozial hori irudikatzea.