Igo
  • 2021/10/01

Afganistango errefuxiatuen babeserako mozioa zein Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren babeserakoa aho batez onartu dira

Aurkeztutako hiru moziotatik bi onartu zituen, ostegun iluntzean, Galdakaoko udalbatzak: Afganistango herritarren giza eskubideak babesteko eskatzen duena, eta Udaltzaingoari zein Ertzaintzari babesa adierazten diena. Itzaga industrialdeko partzela batera enpresa bat ekartzeko urrats bat egitea, eta udaleko, musika eskolako zein euskaltegiko langileei soldata %0,9 igotzea ere aho batez onartu zen, besteak beste. Hirigintza eta Hezkuntza zinegotzia liberatzeko proposamena eta IBIa kentzeko mozioa, aldiz, atzera bota ziren.
Honakoak dira atzo egindako iraileko osoko bilkuran hartu ziren erabakiak:
- Itzaga industrialdean dagoen partzela batean eraiki ahal izateko beharrezkoa den xehetasun azterketa onartu zen. Coral Homes enpresak uztailean egindako eskaerari erantzun zaio horrela. Hutsik dagoen partzela horretan eraikin bat egitea aurreikusten du azterketak, eraikin horren inguruan publikoa izango den bidea egitea, eta 310 aparkaleku ziurtatzea. Aho batez onartu zen proposamena.
- Atzera bota zen Hirigintza eta Hezkuntza zinegotzia liberatzea. Proiektuak planifikatzen aritu diren hirigintzako aholkularien postua hutsik geratu da (atzoko plenoan bertan amortizatu ziren). Horiek egin beharreko proiektuen mapa osatu dute, eta aurreikusitako egitasmoak gauzatzea egokitzen da orain. Horiek aurrera eramateko pertsona egokiena arloko zinegotzia zelakoan, lan horretara buru belarri jartzea zuen oinarri proposamenak; %100ean aritzea hirigintzako proiektuak ateratzen. Horretarako, bere lanpostuan jasotzen duen ordainsaria izatea proposatzen zen. Osoko bilkurak, ordea, atzera bota zuen: EAJren ezezko sei botoak, PSEren biak, atxiki gabeko zinegotziarena eta Auzoak-eko hiru zinegotzitik birenak atzera bota zuten asmoa. EH Bilduren sei zinegotziek, Usansolo Herriaren biek, Podemoseko ordezkariak eta Auzoak-eko hiru ordezkarietatik batek, alde bozkatu zuten. Hortaz, kontrako 11 eta aldeko 10 botorekin, ez zuen aurrera egin proposamenak.
- Aurreko puntuari lotuta, hirigintzako bi aholkularik %66ko eta %33ko dedikazioekin betetzen zituzten postuen amortizazioak onartu ziren, gobernua osatzen duten 12 zinegotzien babesarekin eta oposizioa osatzen duten 9en abstentzioarekin.
- Udal langileen, musika eskolakoen eta udal euskaltegikoen soldatak %0,9 igotzea onartu zen, aho batez.
- Udal Musika Eskolako bi lanpostu moldatzea ere aho batez onartu zen. Egungo beharretara egokitzeko egingo dira egokitzapenak, jubilazioek eskainitako aukera baliatuta. Eskusoinu irakasle bi zeuden orain arte, eta postuen funtzioak egokituta, biolontxeloa eta baxu elektrikoa gehitu dira, eskaerei behar bezalako erantzuna emateko.
- Kreditu aldaketa bat ere onartu zen, aho batez, Usansoloko Esku Pilota Taldeari laguntza 6.000 euroan handitzeko.
- EAJk eta PSEk Afganistango giza eskubideen defentsan Adierazpen Instituzional gisa onartzeko proposatutako mozioa ere aho batez onartu zen, EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosek aurkeztutako emmendakina txertatuta. Giza eskubideen errespetua eskatu, errefuxiatuen harrera eta zirkulazio segurua erraztea proposatu, eta Galdakao errefuxiatuekiko herri solidario gisa izendatzea onartu da horrela.
- Irailaren 10etik 12ra Galdakaon izan ziren istiluen harira, jarrera inzibikoak salatu eta Udaltzaingoari zein Ertzaintzari babesa adierazteko oposizioko taldeek aurkeztutako mozioa ere aho batez onartu zen, gobernuko kideek aurkeztutako emendakina txertatu ondoren.
- Azkenik, ondasun higiezinen gaineko zerga arautzen duen ordenantza aldatu eta etxe hutsen jabeak zerga horretaz salbuesteko eskatuz atxiki gabeko zinegotziak aurkeztu zuen proposamenak proposatzailearen babesa soilik jaso zuen, gainontzeko guztiek aurka bozkatuta. Atzera bota zen.

Afganistan eta Ertzaintza eta Udaltzaingoari babesa adierazpenak