Igo
  • 2020/10/25

Adinekoen zentroetako 374 langileri PCR frogak egingo zaizkie asteartean Kurtzea frontoian

Bizkaiko Foru Aldundiak dispositibo berezia jarriko du astearte honetan Galdakaon, eskualdeko adinekoen zein desgaitasuna duten pertsonen zentroetako langileei PCR frogak egiteko. Udalak frontoia utzi du azterketak egin ahal izateko.


Galdakaoko, Arrigorriagako, Ugao-Miraballeseko eta Urduņako adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen 15 zentro soziosanitarioetako (egoitza-zentroak eta eguneko arretarako zentroak) profesionalei prebentziozko behaketa egiteko froga izango da asteartekoa. Erantzun azkarreko foru taldeak Kurtzea pilotalekuan egongo dira, udalak foru aldundiaren esku utzi dituen instalazioetan. Bertan egingo zaizkie PCR frogak deituak izan diren 374 profesionalei asteartean, 08:30etik 18:00etara bitartean.


Asteazken arratsaldean, berriz, egoitza horietako bisitariei egingo zaizkie frogak frontoian, 14:00etatik 19:00etara bitartean. Zehazki, 239 pertsona dira, Galdakaoko zentroetan bizi diren edota Bizkaiko beste egoitza batzuetan dauden udalerriko pertsonak bisitatzen dituztenak.