Igo
  • 2020/04/09

Adinekoen egoitzetako egoerak txarrera egin duela eta premiazko neurriak behar direla ohartarazi du Galdakaoko Udalak

Galdakaoko adinekoen egoitzetako egoeragatik kezkatuta jarraitzen du udalak; kezkatuta, eta haserre. Herritar multzorik kalteberena biltzen duten guneak izanik, haiei begira egon da udala osasun krisiaren hasiera hasieratik. Iristen zitzaizkion informazioengatik kezkatuta,  bere eskumena ez izanik ere, aldundiarengana jo zuen informazioa eskatu, neurriak hartzeko premiaz ohartarazi, eta elkarlanerako eskua luzatzeko. Egoitzetako errealitatearen jarraipena egiteko asmoz, txosten bi egin ditu astebetean. Jasotako datuak kezkagarriak dira oso eta premiazko neurriak eskatu dizkio udalak aldundiari, lehen aldian baino are premia handiagoarekin.


Apirilaren 2an egin zen lehen datu bilketa, egoitzetako zuzendariekin telefonoz izandako elkarrizketen bidez.  Datu kezkagarrienak Aperribaiko DomusVi egoitzak eman zituen. Krisia hasi zenetik 12 egoiliar hilda eta 17 kutsatuta zeudela jakinarazi zuen; hauetako 5 larri ingresatuta zeuden ospitalean. Gainera egoiliarren % 50ek koronabirusaren sintomak zituzten.


Langileei dagokionez, 13k sintomak zituzten eta 2 isolatuta zeuden, sintoma argiekin.


Gainontzeko egoitzetan, ez zuen inork aipatu hildakorik zegoenik baina bai jende ugari sintomekin: Elexalden %75 eta Virgen de la Vegan % 45.


Apirilaren 7an bigarren datu bilketa egin da, eta oraingoan zailagoa izan da datuak lortzea. Hiru egoitzetan ez dute telefonoa hartu, ordu tarte desberdinetan deitu arren.  Enpresa berekoak diren Virgen de la Vega eta Elexalde egoitzetan egoiliarren ia %100ek sintomak dituztela esan dute eta hildakoei buruzko datuak eman ez dituzten arren, egoera oso larria dela adierazi dute. Sintomarik ez duten 7 egoiliarrek proba egin eta positibo eman dute. Santa Barbaran %50ek sintomak dituztela esan dute eta egoiliarren bat hil bada ere, ez dakitela ziur koronabirusa izan den, ez dietelako proba egin.


Datuen atzean gordetzen denaz, aitortzen ez diren datuez eta atzeman duen ezkutukeriaz ohartarazi nahi du udalak. Izan ere, berariaz eskatuta datuak jaso dituenean ere, kasu batzuetan errealitatea are larriagoa dela konturatu da. Hildakorik egon ez dela erantzun duten egoitza batzuetako heriotzak ezagutzen ditu, eta krisialdi osoan 12 hildako izan dituela dioen egoitzan, astebetean 14 heriotza zenbatu dituzte beste batzuek. Datu horiek ofizialak ez diren arren, bertako egoera oso oso gertutik ezagutzen duten ahotsak dira.


Galdakaoko Udalak badaramatza bi aste egoitzen egoera aztertzen. Egoitzetako langile eta egoiliarren senideekin eta zuzendaritzekin kontaktatu ondoren, aldundiari esku hartzeko eskaera luzatu zion Iņigo Hernando alkateak. Egoerak, ordea, ez duela hobera egin ikusi du udalak, eta benetan larriak direla zenbait gertaera eta egoera.


Egoitzek egindako baliabide eskaerari erantzunez, herritarrek auzolanean egindako materiala banatu die udalak erresidentziei. Boluntarioen sarearen bidez, 150 bisera eta 50 amantaletik gora helarazi dizkie. Baita, besteak beste, erizain batek babeserako emandako dozenaka buzo, amantal, eskularru eta maskara. Eskerrik asko, benetan, guztiei. Udalak berak erositako material gehiago banatuko du larunbatean.


Baina hori ez da nahikoa, eta neurri integral eta sakonagoak behar dituzte erresidentziek, eta horien bidez, gure adinekoek. Argi esan nahi du Galdakaoko Udalak: udalerriko egoitzetan premiaz esku hartzeko beharra dago. Bestela ez da lortuko egoera irauli eta benetan larriak diren gertaerak gainditzea. Bertatik adierazitakoaren arabera, neurri hauen premia dago, besteak beste:


✅ Testak guztiontzat


✅ Osasuntsu dauden egoiliarrak eta gaitzak hartuta daudenak banatzeko derrigortasuna


✅ Babesteko ekipamenduak langileentzat


✅ Langileentzat laguntza: kutsatzeak eragozteko neurriei buruzko formakuntza eta egoerari aurre egiteko laguntza psikologikoa


Eta, berriz ere, gardentasuna eskatzen die udalak dagokien instituzioei, egoeraren azterketa erreala egin dezatela, eta neurri eraginkorrak hartu. Horretan laguntzeko prest izango dute Galdakaoko Udala, eskua luzatuta.