Igo
  • 2021/01/20

Adinekoen bakardade egoerei buruzko azterketa, etxebizitza komunitarioak egiteko aukerei buruzkoa eta eguneko arreta zerbitzuaren ingurukoa egingo ditu udalak

Zaintzaren premia inoiz baino ageriago geratu den honetan, udalerrian orain arte behar besteko garrantziarik eman ez zaion alor bati heldu dio Galdakaoko Udalak: adineko pertsonen egoerari. Horien egoera hobetzeari begirako neurriak hartu eta baliabide eraginkorrak ezartzeko bidea egitea erabaki du udal gobernuak, eta, lan ildo berri bat abiatuta, herritar guztien ongizatea helburu duten politiketan sakontzeko lanean ari da.

Gobernu planean zehaztutako norabidean aurrera egingo du horrela: Etxebizitzen inguruko 50. puntuari, pertsona nagusientzako laguntza zerbitzuari buruzko 53.ari eta adinekoen bakardade egoerei buruzko azterketa egitea jasotzen duen 58. puntuari erantzungo die, besteak beste.

"Gizarte ongizatean sakontzeko ezinbestekoa da nagusien alorrari bultzada ematea, horretan arreta berezia jartzea. Komunitate legez aritzeko komunitateko alor guztiak hartu behar dira kontuan, eta horretara goaz", adierazi du Iņigo Hernando alkateak neurria azaltzeko egindako agerraldian. "Orain arte ez zaio behar duen garrantzia eman eta indarra jarri dugu horretan".

Neurri eraginkorrak hartzeko lehen urratsa egoera aztertu eta egon daitezkeen aukeren inguruan hausnartzea da, eta horretan ari da Galdakaoko Udala. Pertsona nagusien inguruan hiru azterketa ditu martxan: adineko pertsonen bakardade egoerei buruzkoa, lehen mailako mendekotasuna duten adineko pertsonentzako etxebizitza komunitarioak egiteko proiektuaren diseinuari buruzkoa, eta lehen mailako mendekotasun arriskuan dauden adinekoentzako eguneko arreta zerbitzuaren proiektua diseinatzeari buruzkoa.

Urrats gehiago etorriko dira ondoren, hiru azterketa horien helburua ez baita ikerketetan geratzea, egokien diren proiektuak gauzatuta herriko pertsona nagusien ongizatea hobetzea baizik. Argi azaldu du Idoia Martinez Gizarte Ekintza alorreko arduradunak: "Adinekoen kolektiboari buruz ikerketa sakona egiten ari gara, zein baliabide ipini behar diren jakiteko. Datuek ikuspegi orokorra emango digute eta datu horiek ahalbidetuko dute egoera zaurgarriei aurre egin ahal izateko erabakiak hartzea".

"Pertsona asko biltzen dituen kolektibo bati buruz ari gara, gero eta handiagoa dena, eta etorkizunean are gehiago haziko dena", azaldu du gaiari heltzearen garrantzia Mari Paz Losada Gizarte Ekintzako zinegotziak. "Bizimoduak aldatzen ari dira, gero eta gehiago dira bakarrik bizi diren adinekoak eta azterketa hauek erakutsiko digute oraingo eta etorkizuneko beharrei nola erantzun behar diegun".

Arlo hauek aztertuko dira ikerketa bakoitzean:

- Adinekoen bakardade egoerei buruzko azterlana:

1- Diagnostiko kuantitatiboa, adinekoen dimentsioa eta arazoak ezagutzeko. Azterlanak luzetarako ikuspegi izango du (bilakaera, datuen eta adierazleen egungo egoera eta prospektiba), eta baita ikuspegi geoespaziala ere (auzoen araberako bereizketa erabiliko da). Bertan, adinekoen kuantifikazioa egingo da adin tartearen eta sexuaren arabera, zahartze eta gainzahartze tasa ikertuko da, feminizazioari ere erreparatuko zaio, eta bakardade egoeren kuantifikazioa egingo da.

2- Bakarrik dauden pertsonen katalogo unibertsala eta dinamikoa, esku hartzeko adierazle erabilgarariz osatua. 65 urtetik gorako pertsona bakoitzarentzat aztertutako adierazleak izango ditu adineko pertsonen katalogoak azterlan kuantitatiboan.

- Lehen mailako mendekotasuna duten adineko pertsonentzako bi azterlan: Bat etxebizitza komunitarioen proiektuaren diseinuari buruzkoa eta bestea eguneko arreta zerbitzuaren proiektuaren diseinuari buruzkoa:

1- Proiektu bakoitzaren diseinu teknikoak. Horietan aztergai izango dira:

- Printzipio orokorren eta araudi aplikagarrien definizioak eta eskaini beharreko zerbitzu eta prestazioen deskribapen zehatzak, profilak, hartzaileetzako baldintzak eta erabiltzaileen parte hartze ekonomikoak.

- Ereduak diseinatzea, landu beharreko esku hartze arloak, metodologiak eta prozesuaren mapak.

- Kudeaketaren eta giza baliabideen planak egitea, zerbitzuen organigramak, beharrezko plantilak, lanpostu profilak eta barne antolaketak deskribatuz.

- Azpiegitura planak egitea, espazio bakoitzaren banaketa funtzionala eta beharrezko laguntza euskarriak diseinatuz.

- Beharrezko inbertsioen eta baliabide materialen planak egitea.

2- Ekonomia eta finantza planak: Zerbitzuen diseinu teknikoak amaitutakoan, bakoitzaren ekonomia eta finantza plana egingo da. Proiektuek behar dituzten baliabideen eta gastuen zenbatekoak zehaztuko dira.

Azterketa horiek utziko dituzten datu eta ondorioen arabera erabakiko da alor bakoitzean zein neurri hartu eta Galdakaon lehen mailako mendekotasuna duten adineko pertsonentzako etxebizitza komunitarioak egiteko eta eguneko zentro bat egiteko modurik eta lekurik egokiena zein den.

Asmo horiek hezurmamituta Galdakao aitzindari bihurtuko delakoan dago Udala, gainera. Izan ere, oso gutxi dira Euskal Herrian mendekotasuna duten adinekoentzako udal etxebizitza komunitarioak dituzten herriak. Lehen mailako mendekotasuna duten eguneko zentroa sortzeak ere zerbitzu berria emango lioke Galdakaori, egun ez baitago halako zerbitzu publikorik herrian.