Igo
  • 2020/10/14

Abian da tokiko merkataritza sustatzeko Bonodenda 2020 kanpainaren bigarren edizioa, azaroaren 30era arte luzatuko dena

Uda honetan abiatutako "Bonodenda 2020" kanpainaren arrakastaren ondoren (guztira 10.000 bonodenda jarri ziren zirkulazioan, bakoitza 15 euroko balioarekin), Galdakao Dendari Elkarteak, Galdakaoko Udaleko Ekonomia Sustapena, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo Arloaren laguntzarekin, bigarren kanpaina bat jarri du abian, gure udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-sektorean erosketa sustatzen jarraitzeko helburu nagusiarekin.


Covid-19 pandemiaren testuinguruan, establezimendu asko denbora luzez itxi behar izan dira edo jarduera nabarmen murriztu. Udalerriko sektore horientzat pizgarria izan daitekelakoan abiatu da Bonodenda 2020 kanpainaren bigarren zati hau.


Bonuak erosi ahal izango dira, agortu arte, Dendari Elkartearen bulegoetan, Muguru plaza z/g helbidean (astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 9:00etatik 14:00etara, eta astearteetan, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara), eta Usansolon, Oletxe kaleko 19an (ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara). Gehienez 4 bonu erosi ahal izango dira pertsona bakoitzeko, eta txartelarekin baino ezingo dira ordaindu.


Bonodenda bakoitzak 10 euroko kostua izango du, baina 15 euroko balioa izango du trukatzean kanpainari atxikitutako saltokietan. Bonuak erosten dituztenek 2020ko azaroaren 30era arte erabili ahal izango dituzte. Epe hori igarotakoan, balioa galduko dute ordainbide gisa.


Hauek dira erabilera-baldintzak:




  • Bonua behin bakarrik erabili beharko da, kanpainari atxikitako saltokietan soilik.

  • Erosketaren zenbatekoa bonuaren balioa baino txikiagoa bada, ez da dirurik itzuliko.

  • Bonuak ezin dira eskudirutan trukatu.

  • Produktua itzultzen bada, erosketaren zenbateko osoko txartela jaulki beharko du establezimenduak, eta ezin izango da eskudirua itzuli.

  • Bonuak bateragarriak dira



Udalak herritarrak animatu nahi ditu tokiko merkataritzan kontsumitzera eta bonodendak eskuratuz kanpainan parte hartzera, eta gogorarazi nahi du zein garrantzitsua den gurea bezalako herri batentzat, are gehiago garai honetan, tokiko merkataritzak bizirik jarraitzea.


Atxikitako saltokien zerrenda Dendari Elkartearen bulegoetan edo galdakaodendari.eus webgunean kontsulta daiteke.