Igo
  • 2021/08/21

988 pertsonak eman dute izena alokairuzko garajeetarako; behin-behineko zerrendak ikusgai daude eta zozketa irail amaieran egitea aurreikusten da

Irail amaiera aldean egingo da 289 aparkalekuak banatzeko zozketa. Izan ere, lurrazpiko parkingetan hutsik zeuden aparkalekuak alokairuan jartzeko erabakiaren arrakastaren ondoren, beharrezkoa izango da zozketa; 988 pertsonak egin dute eskaera eta 289 aparkaleku daude alokatzeko. Hilean 30 euroren truke alokatuko ditu Udalak -horri, garaje bakoitzeko komunitate gastuak gehitu beharko dizkio erabiltzaile bakoitzak-.
Aparkaleku horiek erabiltzeko aukera bakarra 40 urteko kontzesioan hartzea zen orain arte, eta ondorioz, hutsik zeuden asko. Horiek berreskuratu, erabilera sistema aldatu, eta alokairuan hartzeko aukera eman du orain Galdakaoko Udalak.
Leku baino eskatzaile gehiago daudenez, zozketa bidez banatuko ditu aparkalekuak Udalak. Onartuen behin-behineko zerrenda publiko egin da, eta eskatzaileek 10 eguneko epea izango dute eskaeretan akatsik balego horiek zuzentzeko; astelehenean, abuztuaren 23an, zabalduko da balizko zuzenketak egiteko epea, eta irailaren 3ra arte egongo da horretarako aukera. Ondoren argitaratuko da behin-betiko zerrenda eta zozketarako eguna.
Honakoak dira lurrazpiko bost garajeetan alokatuko diren aparkaleku eta eskatzaile kopuruak, eta garaje bakoitzeko zozketan sartuko direnen behin-behineko zerrenda:
📌 PAOPA (Urreta): 127 aparkaleku daude alokatzeko eta 133 eskatzaile.
📌 LAPURDI: 75 aparkaleku eta 316 eskaera.
📌 LAMINARRIETA (Usansolo): 49 leku daude eta 73 eskaera.
📌 ITURRONDO: 26 aparkaleku eta 267 eskatzaile.
📌 BEREZIKOETXE: 12 leku daude eta 199 pertsonek egin dute eskaera.
www.galdakao.eus webgunean daude zerrenda guztiak "Aparkalekuen eskaerak" bannerrean, "Hasitako promozioak. Aukeratu" atalean garajea aukeratuta. Okerrak zuzendu ondoren behin-betiko zerrenda argitaratuko da, zozketarako egunarekin batera.