Igo
  • 2022/01/10

81 pertsona kontratatu dira Galdakaoko Udalaren enplegu planetan

Lana aurkitzeko zailtasuna duten 81 herritar lanean arituko dira datozen sei hilabeteetan, Udalaren Enplegu Planei esker. 2021 urteko enplegu planen azken faseari dagokie urte amaiera aldean egin diren kontratazio horiek. Lanaldi osoan arituko dira herritar horiek, sei hilabetez. Jose Luis Bernal Martinez Toki Garapen eta Enpleguko zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, 2021eko enplegu plana ateratzeko urte osoan egindako lanaren emaitza dira kontratazio horiek.

Zinegotziak nabarmendu du, Udalak ahalegin handia egin duela aparteko egoera baten aurrean enplegu plan handinahiena aurkezteko: "Guk, Udal gisa, daukagun testuinguru sozioekonomikoan, bi helburu argi ezarri ditugu: batetik, udalerrian ditugun proiektuen eta enpresen bideragarritasuna babestea, eta, bestetik, langabezia egoerari aurre egitea”.

Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek egindako eta Udalak diruz lagundutako kontratazioak honako lanpostu hauetarako izan dira:

 

  • Oinarrizko pintura: 20 langile guztira. Oraindik ez dira lanean hasi, lan arriskuen prebentzioari eta pintura lanei buruzko prestakuntza fasean daude, eta, ondoren, margotze lanak egiten hasiko dira udalerriko hainbat eremutan, hala nola piboteak, farolak, bankuak, barandak eta abar pintatzen.
  • Oinarrizko zura: 18 langile guztira. Prestakuntza ikastaroak jasotzen ari dira beren lanak egitera irten aurretik. Bigarren etapa honetan, zurezko hiri altzariak zaharberritzeko lanei ekingo zaie, hala nola bankuak eta barandak. Lan horiek lanaldi osokoak izango dira, eta 6 hilabete iraungo dute.
  • Oinarrizko igeltserotza: 16 pertsona. Igeltserotzako prestakuntza espezifikoa jasotzen ari dira, eta laster aterako dira igeltserotzako konponketa txikiak egitera udalerriko hainbat tokitan.
  • Enplegu berdea: 12 enplegu guztira. Dagoeneko 2 talde egin dira bideak eta berdeguneak garbitzen eta mantentzen diharduten langileekin.
  • Iturgintza: 5 langile kontratatu dira dagoeneko, eta laneko arriskuen prebentziorako prestakuntza eta iturgintzako prestakuntza espezifikoa jasotzen ari dira.
  • Elektrizitatea: 5 langile lan arriskuen prebentzioari eta elektrizitateari buruzko prestakuntza espezifikoa egiten ari dira.
  • Muralistak: 5 pertsona, guztiak lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten gazteak. Prestakuntza ikastaroak jasotzen ari dira beren lanak egitera irten aurretik.

 

Lanpostu horiek guztiak 2021eko enplegu planei dagozkie. Pandemiak enpleguan eragin dituen ondorioei aurre egiteko helburuz, 1.764.320 euroko aurrekontua baderatu da plan horietara.