Igo
  • 2021/11/25

60 zuzkidura bizitoki eraikitzeko plan berezia eta aurrekontu plangintza onartu ditu udalbatzak

Azaroko osoko bilkurara eraman diren gai guztiak onartu egin ditu udalbatzak, eta ia guztiak aho batez onartu dira, gainera; horien artean, zuzkidura bizitokiak eraikitzeko plan berezia eta hori gauzatu ahal izateko aurrekontu plangintza. Bi Adierazpen Instituzional ere onartu ditu gaur arratsaldeko saioak: Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin lotutakoa bat, eta asteartean Portugaleten lan istripu batek hil zuen galdakoztarraren hurkoei babesa adierazi eta prebentzio neurriak aldarrikatzekoa, bestea.

Honakoak dira udalbatzak hartutako erabakiak:

▶️ Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektuaren inguruan egin duen proposamenari aurkakotasuna adierazi dio Galdakaoko udalbatzak, udalen autonomia urratzen duela argudiatuta. Zehazki, edozein proiektu Interes Publiko Goreneko Proiektu gisa izendatzeko aukera aurreikusten du Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den lege proiektuak; ingurumen hobekuntza argudiatuta Eusko Jaurlaritzak interes goreneko izendatzen duen edozein proiektu egiteko bidea irekiko litzateke horrela, kokaleku lukeen herriko Udalaren baimenik gabe ere. Ondorioz, besteak beste, zabortegiak, araztegiak, energia berriztagarretarako proiektuak, erauzketarakoak eta azpiegitura handiak ezarri ahalko lituzke Eusko Jaurlaritzak, dagokion herriko Udalaren baimenik gabe. EH Bilduk proiektu horren aurka aurkeztutako mozioa onartu du udalbatzak, udal gobernua osatzen duten EH Bildu (6), Auzoak (3), Usansolo Herria (2) eta Podemosen (1) aldeko 12 botoekin, EAJ (6) eta PSE (2) taldeetako 8 ordezkarien kontrako botoekin, eta atxiki gabeko zinegotziaren abstentzioarekin.

▶️ Urtetan ordaintzeke egon diren hainbat fakturen iraungitze data gaindituta, ofizialki preskribitutzat jotzea onartu da. 1990. urtetik aurrera sortutako faktura txiki ugari dira; ordenatu egin dira, eta gaia amaitutzat eman da. Aho batez hartu da erabakia.

▶️ Iazkoak izan arren aurten iritsi diren 3 faktura ordaintzeko, kreditu aitorpen estrajudiziala onartu da, aho batez.

▶️ Galdakaon zuzkidura bizitokiak eraiki ahal izateko plan berezia onartu da. Batez ere emanzipatzeko zailtasunak dituzten gazteei, familia monomarental edo monoparentalei eta irisgarritasun arazoak dituztenei zuzendutako bizitokiak dira, oso alokairu merkean ematen direnak, gehienez 5 urterako. Halako 60 bizitoki eraikitzeko proiektua lantzen ari da Udala. Guztira 7.397.160 euroko kostua izango du, eta horietatik 2.400.000 euro Eusko Jaurlaritzak ordaintzeko akordioa egina dute bi instituzioek.

Bizitokiak eraikitzeko plan berezia aho batez onartu da, EAJk tramitazioa egiteko modua salatu duen arren. Proiektua gauzatzeko aurrekontu plangintza ere aho batez onartu da.

▶️ Plazakoetxe eta Zuhatzu lotzen dituen Txomin Egileor kalea urbanizatzeko akordioa egina dute Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Azaroaren 3ko ez ohiko udalbatzan onartu zen hitzarmena, eta, egitasmoa aurrera eramateko, kreditu konpromisoa onartzea zegokion udalbatzari. 2022an eta 2023an gauzatuko dira lanak eta 1.325.000 euroko kostua izango dute. Bizkaiko Foru Aldundiak, 750.000 euroko diru laguntzarekin babestuko du. Aho batez onartu da proposamena.

▶️ Espazio publikoa, hiri altzariak eta zentro publikoen mantenu zerbitzuen esleipena onartu du udalbatzak, aho batez. Belako Lanak-Viuda de Sainz UTEak jaso zuen puntuaziorik handiena, eta beraz, berari esleitu zaio lana.

▶️ Administrazioa modernizatzeko eta eraginkorragoa zein gardenagoa egiteko helburuz, bideoakten sistema Udal Araudi Organikoan txertatzea onartu du udalbatzak. Atxiki gabeko zinegotziak aurka bozkatu du, eta gainontzeko 20 ordezkariek alde.

▶️ Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin bat eginda, indarkeria matxista mota guztiei aurre egiteko beharra aldarrikatzen duen Adierazpen Instituzionala onartu du osoko bilkurak, aho batez.

▶️ Lan istripu batek galdakoztar bat hil zuen asteartean Portugaleten. Senide, lagun eta lankideei elkartasuna adierazi eta prebentzio zein ikuskapen neurriak aldarrikatzeko Adierazpen Instituzionala onartu da, aho batez.

Mozioa EHB - A25 Adierazpen Instituzionala - Adierazpena lan istripua