Igo
  • 2022/07/22

50 ekintza baino gehiago aurtengo Santakurtzetan, irailaren 9tik 18ra

Nabarmentzekoak dira Zetak, Sua, Skakeitan eta Gatibu taldeen kontzertuak

2022ko Santakurtzetarako bi hilabete eskas geratzen diren honetan, Galdakaoko Udalak eman ditu aurtengo egitarauaren eta jaien kartelaren inguruko xehetasunak, gaur egin den prentsaurreko batean. 

Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Amets Iturbe Jaietako zinegotziak eta Angel Ezkurra eta June Sanchez Jai Batzordeko kideek hartu dute hitza aurtengo jaien nondik norakoak azaltzeko. 

Irailaren 9tik 18ra ospatuko dira aurtengo Santakurtzak, zeinak “denontzat pentsatutako jaiak” izango diren, Iñigo Hernando alkateak nabarmendu duenez. Hiru urte luze joan dira jairik gabe eta ildo horretan, alkateak berak esan duenez, “Galdakaok jai oso onak merezi ditu pasatutako guztia eta gero”. 

Aurten ekintzak eta kale ikuskizunak ugaritzeko apustua egin du Galdakaoko Udalak eta horri esker egunero kale antzerkiaz gozatu ahal izango da eta umeentzako zirku bat jarriko da Muguruko parkean. Gainera, ohiko espazioez gain, aurtengo jaietako ekintzez gozatzeko bi espazio berri izango dira: Zabalgane eta Lapurdiko aparkalekuaren alboan dagoen patioa. 

Orotara, 57 ekintza antolatu dira 44 elkarteren laguntzarekin eta Galdakaoko jaietan elementu bereizgarririk badago, hori kuadrillen arteko lehiaketa da, aurten ere antolatuko dena. Berritasun moduan, Angel Ezkurra Jai Batzordeko kideak azaldu du, jaiak ahalik parte hartzaileenak izan daitezen, hemendik aurrera, kuadrillak ere eskubide osoko kide izan ahalko direla Jai Batzordearen barruan. 

Euskararen eta euskal kulturaren apustua

Jaietako kontzertuei dagokionez, herritarrek botatako proposamenak aztertu eta baloratu ostean, Skakeitan (irailaren 9), Zetak (irailaren 10ean), Sua (irailaren 16) eta Gatibu (irailaren 17an) igoko dira Ardantza parkeko oholtza gainera. Azken hori Galdakaoko Udalak aukeratu du, taldeak Galdakao bere agertoki gutxietako bat izateko prestutasuna azaldu ondoren, eta Amets Iturbek nabarmendu du aukera ezin hobea dela talde gernikarraz gozatzeko, Bizkaian emango dituen kontzertu bakanetakoa izango delako. 

Santakurtzetan joko duten talde guztiak euskaldunak izango dira, izan ere, Amets Iturbek adierazi duenez, “euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustua” egin da. 

Aipatutako taldeez gain, herriko taldeak ere arituko dira oholtza gainean, Kaserna, Semejantes, Crazy Wordl eta Koiu.

Hori dena, Jose Angel Liguero Martinez errioxarrak diseinatutako kartelpean. Izan ere, hori izan da jaietako kartela diseinatzeko lehiaketaren irabazlea, “jai giroa eta Galdakaoko koloreak” islatzen dituela esan du Amets Iturbe zinegotziak. 

Karten lehiaketaren beste irabazleak honako hauek izan dira: bigarren postua Jon Ortegak eskuratu du eta hirugarrena, aldiz, Ane Gomezek eta Olatz Enzuneak. Lehiaketan bigarren eta hirugarren geratu direnak galdakoztarrak direla nabarmendu du zinegotziak. Amaitzeko, txikien kategorian Malen Goikoetxea eta Maia Carrascal izan dira irabazleak. 

Bide batez, gogoratu dute pregoilaria aukeratzeko prozesua martxan dagoela erabaki.galdakao.eus plataforman eta herritarrei jaietako ekintzetan parte har dezaten eskatu diete Iñigo Hernando alkateak eta Amets Iturbe zinegotziak.